Durangoko Azokan 400 produktu berri eta 200 kultur ekitaldi izango dira

0

Durangoko Azokak 54. edizio honetan irudi berriztatua izateaz gain, hainbat berritasun ekarriko ditu. Horiek azaltzeko arduradunek prentsaurrekoa egin dute.

«Azokak handitzen jarraitzen du, eta Musika Eskola espazio berri bat izango da edizio honetan: hemen antolatuko dira inaugurazio ekitaldia, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO egitasmoa», Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentearen esanetan.

Azken ekimen horren harira, Durangoko Azokak Euskal Herriko programatzaile eta musikaren sektoreko sortzaile eta profesionalen arteko topaketa antolatu du, lehen aldiz, Musika Bulegoarekin elkarlanean. Azokako lehen egunean izango da, goizean zehar.

Landako gunean, Azokaren bihotzean, ere berritasunak egongo dira, Azokak erakusmahaien irudia aldatuko baitu 30 urtez lehen aldiz. Erakusmahaiak egurrezkoak izango dira, eta errotulazioetan kolore desberdinak eta ikonoak izango dituzte.