EAEko Museo eta Bildumen 2008-2018 Estatistika Txostena argitaratu da

0

61 museo eta bildumen datuak aztertu ostean, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Museo eta Bildumen 2008-2018 Estatistika Txostena zabaldu du.

Euskadiko museoetara egindako bisitak % 26 igo dira 2008-2018 epealdian (2.357.400tik 3.175.103ra igaroz), Euskal Autonomia Erkidegoko Museo eta Bildumen 2008-2018 Estatistika Txostenaren arabera. Joera hori lurralde historiko guztietan nabaritzen den arren, aipatzekoa da Guggenheim Bilbao Museoaren pisua, museoetara joaten direnen % 40 erakartzen baititu. Era berean, txosten horren arabera, atzerriko bisitariek % 35 egin dute gora 10 urte horietan (1.274.632ra ailegatuz), eta, azken datuen arabera, gaur egun Euskadin ostatu hartzen duten atzerritarren % 90ek, gutxienez, museo bat bisitatzen dute beren egonaldian.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Museoen Zentroak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Museo eta Bildumen 2008-2018 Estatistika Txostenak 61 museo eta bildumari buruzko datuak aztertu ditu, bederatzi adierazletan oinarrituta: Tipologia; Titulartasuna eta Kudeaketa mota; Zerbitzuak eta Baliabideen Ekipamenduak; Irekiera eta Tarifak; Bisitariak; Aldi Baterako Erakusketak, Hezkuntza-jarduerak eta Argitalpenak; Plantilla; Finantzaketa-iturriak; eta Funtsak.

Estatistika hau egiteko datuak ematean, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako museoek eta museo-bildumek parte hartu dute. Beharrezko informazioa Eusko Jaurlaritzaren museoak kudeatzeko EMSIME sistema informatikotik lortu da; sistema horretan, bi urtean behin museo-erakundeek betetako datuak biltzen dira.