Eusko Jaurlaritzak adikzioen arloko jardunbide egokien eta ibilbide profesionalaren aintzatespenak sortzeko eta zehazteko dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2020-01-21)

0

Eusko Jaurlaritzak, Osasun Sailaren proposamenez, adikzioen arloko jardunbide egokien eta ibilbide profesionalaren aintzatespenak sortzeko eta zehazteko dekretua onartu du gaur.

Dekretu hori Osasun Sailak bultzatutako eta Eusko Legebiltzarrak aho batez onartutako Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legearen erregelamendu bidezko garapenaren barruan kokatuta dago. Lege horrek pertsona guztien osasuna babestea du helburu, batez ere adingabeena eta gizarte-kolektiborik kalteberenena.

Zehazki, argitaratutako hirugarren dekretua da, 2018ko martxoan erakunde-egitura garatzen eta arautzen duen dekretua, eta 2019ko azaroan edari alkoholdunen, tabako-produktuen eta nikotina aska dezaketen gailuen seinaleztapena arautzen duen dekretua onartu ondoren.

Gobernu Kontseiluak gaur baliozkotu duen arauaren helburua da pertsonek eta erakundeek adikzioen esparruan agertu duten jardun azpimarragarria publikoki nabarmentzeko ohorezko aintzatespenak eta aipamenak sortzea eta pertsona horiek arlo horretan garatutako jardunbide egokiak, ekimenak eta berrikuntzak bultzatzea, sustatzea eta haien balioa azpimarratzea.

Dekretuak bi aintzatespen-modalitate ezartzen ditu:

Alde batetik, Euskadiko adikzioen arloko jardunbide egokienen aintzatespena; bi urtean behin emango da, eta jardunbide egokiei lotutako 3 aipamen espezifiko emateko aukera egongo da.

Bestetik, Euskadin adikzioen esparruan egindako ibilbide profesionalaren aintzatespena, lau urtean behin emango dena.

Lehen edizioa bi modalitateetarako izango da, eta edozein pertsonak edo erakundek aurkeztu ahal izango du hautagaitza. Deialdia urte honen barruan egingo da.