“CAMPEONES DEL HUMOR”, BALIOEZ ETA SUPERAZIOZ BETETATAKO KOMEDIA OTSAILEAN EUSKALDUNAN

0

Datorren otsailean Euskalduna Jauregia “Campeones del humor” lanaren agertokia izango da, adimen urritasuna duten eta “Campeones” filmaren protagonista diren Gloria Ramos eta Jose de Luna antzezleak buru dituen antzerkiko komedia.

Otsailaren  7, 8 eta 9an izango da, 0B Aretoan.

Gaur goizean, Ramosek eta de Lunak, antzezlanaren protagonistak, Jose Beviá Producciones Comediarte enpresako gerente eta lanaren gidoilariarekin batera, antzezlanaren xehetasun guztiak aurkeztu dituzte medioen aurrean. Ondoren, antzezlaneko lan taldeak ehun zale inguru hartu ditu Itsasoratze guneko Atarian, eta haiekin argazkiak atera dituzte. Ekitaldian Euskadiko Down Sindromearen Fundazioko ordezkariak eta kideak ere egon dira.

Sinopsia

Josete eta Gloria Campeones filma errodatzen ari zirela elkar ezagutu zuten bi adiskide dira. Filmaren arrakastaren ondoren, biek ala biek euren bizitzan aurrerapauso bat ematea erabaki dute, alokairuko pisu batera bizitzera joanez. Euren familiek baldintza batekin onartu zuten erronka: Claudia, filmean izan zuten coach-a, tutore izatea. Zorionez, Claudiaren ondoko apartamentua alokairuan dago. Pertsona independente gisa ibilbidea hasi eta gutxira, elkarbizitzako arazoak eta, batez ere, lan arloko etorkizunaren aurreko beldurra ere sortu zen. Talentua bilatzen duen telebista saio berri batek parte hartzaile gisa zortea probatzera animatuko ditu. Hortik aurrera, edozer gerta daiteke.

Horrela hasten da Campeones del Humor, bi ekitaldiz osatutako oso antzerki komedia dibertigarria.

Lehenengo ekitaldiak, urritasunen bat izanda, familiatik eta ekonomiaren aldetik independizatu gura duten gazte askok duten arazoa jorratzen du. Inklusioaren aldeko apustu argia da.

“Diru pixka bat” lortzeko tabernetan aritzen den bakarrizketatzaile batek eta inoiz arrakastarik lortu ez duen zine zuzendari batek osatzen dute CAMPEONES DEL HUMOR laneko antzezle taldea.

Bigarren ekitaldian telebista saioaren errodatzean murgilduko gara buru belarri.

Horretarako, agertokia telebistako plato erraldoi bilakatuko da, eta gure umore txapeldunek, beste partaide batzuekin batera, entzunaldi bat egingo dute. Antzokiko ikus-entzuleak izango dira epaimahaiko kideak.

Campeones del humor ikus-entzule guztiei zuzendutako antzerkiko komedia da,  batez ere familian gozatzeko gomendatua. Gurasoak, seme-alabak eta aitita-amamak, balioetan eta hurkoarekiko errespetuan heziko duen gau dibertigarria pasatzera etor daitezke. Campeones del humor lanak, gizarte justuan eta solidarioan adimen urritasuna duten pertsonak eskubide osoko herritar gisa gizarteratzearen aldeko apustua egiten du.

Sarrerak eskuratu daitezke jadanik www.euskalduna.eus helbidean eta ohiko beste kanal batzuetan Prezioa: 24 euro (kudeaketa gastuak barne).