Gobernu Kontseiluak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen aldaketa onartu du ( Gobernu Bilera 28-01-2020)

0
  • Berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak indartzea dakar.
  • Gobernuak berretsi egiten du emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokarekiko konpromisoa, azken txostenean jasotzen den 25 milioi euroko inbertsioarekin 

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bigarren aldaketaren lege-proiektua onartu du. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria Josu Erkoreka bozeramailearekin batera agertu da hedabideen aurrean, lege berriak erantzun nahi dituen erronka garrantzitsuenen berri emateko; haren hitzetan, «berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako letra larriz idatzitako politika eta herri ituna» ahalbidetu nahi ditu lege berriak. Landaidak adierazi du beste urrats bat dela Eusko Jaurlaritzak berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzearen alde duen konpromisoan. Konpromiso horren adibide di emakumeen aurkako indarkeriaren arretarako eta prebentziorako zerbitzuetan 25 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa, «Eusko Jaurlaritzak EAEko emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean ematen duen erantzuna» txostenean zehazten den bezala. Gaurko bileran ere ikusi da txosten hori. Inbertsio honi erantsi behar zaio foru aldundiena alor honetan, zazpi miloi eurotik gorakoa, eta udalena, zenbatze prozesuan dagoena oraindik. 

Berdintasunerako Legea onartu zenetik hamabost urte igaro dira. Lege hori aitzindaritzat hartu da, eta Nazio Batuen Zerbitzu Publikoaren Saria ere jaso du. Orain egin zaion aldaketaren arrazoia izan da berdintasun-politikak eta indarkeriaren kontrako politikak indartzearen beharra eta testuinguru sozial eta arauemaile berriaren ondoriozko behar eta erronka berrietara egokitu beharra (Istanbulgo Hitzarmena, 2030 Agenda, Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna …). Ildo horretan, lege berriaren erronka nagusietako bat izan da emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren arazo sistemiko eta unibertsalaren barruan kokatzeari buruzko ikuspegi bat bermatzea, Istanbulgo Hitzarmenak eskatzen duen bezala.

Legeak berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak indartzea aurreikusten du, honako hauetan islatzen direnak, besteak beste: berdintasun-egiturak indartzea, langile publikoak berdintasunean prestatzeko betebeharra, guraso-baimen berdinak eta besterenezinak orokortzea, soldata-arrakalari aurre egiteko neurriak gehitzea, emakumeen aurkako indarkeriaren mota guztietako biktimentzako laguntzak zabaltzea, epai judizialean aurreikusitako kalte-ordainak jaso ez dituzten biktimentzat, bai eta indarkeria matxistaren ondorioz umezurtz geratu diren seme-alabentzat ere.

Emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztea Jaurlaritzak duen lehentasunezko helburu bat dela azpimarratu du lehendakariak, eta legearen aldaketa hau beste urrats bat dela bide honetan, “urrats garrantzitsua berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako politikan herri itun handi bat ahalbidetzen duelako”. Erronken artean azpimarratu ditu berdintasun politiken indartzea eta testuinguru arauemaile eta sozial berriaren behar berrietara egokitu beharra (Istanbulgo Hitzarmena, 2030 Agenda, Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna …).

Lege berriak bermatzen du emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren arazo sistemiko eta unibertsalaren barruan kokatzen duen ikuspegia, Istanbulgo Hitzarmenak  eskatzen duen bezala, eta berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta teknikoak indartzea ere aurreikusten du.

Erronkak eta neurriak

Legearen erronka garrantzitsuetako bat administrazio publikoetako langile guztien berdintasuneko prestakuntza bermatzea zen. Hala, berdintasunaren arloko derrigorrezko prestakuntza, progresiboa eta iraunkorra, aurreikusten du euskal botere publikoetako langile guztientzat eta, bereziki, emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurre egiteko erantzunean inplikatutako langileentzat, derrigorrezko etengabeko prestakuntza.

Beste erronka bat izan da haur eta nerabeei babes handiagoa ematea. Hala, genero-arrazoiengatik indarkeriazko jokabideak lehen pertsonan jasaten dituzten nerabeak eta neskatoak ez ezik, legeak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimatzat jotzen ditu bai eta indarkeria hori gauzatzen den ingurunean bizi diren haurrak eta nerabeak eta mendekotasuna duten beste pertsona batzuk ere. Ildo horretan, seme-alaba indarkeria matxistaren ondoriozko umezurtzentzako laguntzak sortzen ditu.

Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzea izan da jorratu beharreko beste erronka bat. Bikotekideak, bikotekide ohiak edo familia barrukoak eragindako indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren biktimez gain, legeak arautu eta zabaldu egiten du aipatutako indarkeriaren gainerako adierazpenen biktimei arreta emateko sistema, besteak beste, sexu-esplotaziorako salerosketaren biktimentzako.

Aldaketak biktimen erreparazio-eskubidea aitortzea ere ahalbidetzen du, eta biktima eta biziraun duten pertsona guztiei kalte-ordain proportzionatua bermatzeko neurriak hartzeko betebeharra planteatzen du, baita egia aitortzea, indarkeriazko gertaerak ez errepikatzeko bermea eta arretarako baliabide publikoen bidez errekuperatzeko eskubidea. Halaber, biktimentzat beste laguntza ekonomiko bat aurreikusten du, lehendik daudenekin bateragarria, ebazpen judizial bidez ezarritako kalte-ordainak ez ordaintzeko kasuetarako.

Legea aldatzeak ikerketa areagotzea eta indarkeriari buruzko datuen erregistroa eta hedapena hobetzea du beste erronketako bat. Eremu horretan orain arte egindako lanaz harago, legeak emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen desberdinen kasuei buruzko informazio partekatua emateko sistema elektroniko bat bultzatzeko beharra ezartzen du, eta Berdintasunerako Behatokia sortzea planteatzen du, ikuspegi orokorra eta iraunkorra izatea ahalbidetuko duena.

Legeak, halaber, salaketaren zentraltasuna eta emakumeen aurkako indarkeriaren ikuspegi polizial-judiziala gainditzera jotzen du. Sistema polizialek eta judizialek emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako esku-hartzean eta biktimen babesean duten garrantzia alde batera utzi gabe, eta arlo horretan legeak egiteko eskumen-mugez jabetuta, legeak neurrien erdigunean jartzen ditu biktimen eta bizirik atera direnen eskubideak eta haien ahalduntzea, prozedura judizialarekin duten inplikazio edo lankidetza maila edozein dela ere.

Arau berriak, halaber, printzipio orokorren intersekzionalitatea jasotzen du emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esku-hartze publiko ororen inspirazio-ikuspegi gisa, eta indarkeria matxistaren aurrean erakundeen erantzuna egokitzeko beharra ezartzen du, biktima orok arreta integrala, doakoa, eskuragarria eta kalitatezkoa jasotzeko duen eskubidea bermatzeko, edozein dela ere bere egoera pertsonala, soziala eta administratiboa, eta, bereziki, zaurgarritasun-egoera handienean daudenena.

Prozesua

Legea aldatzeko prozesua parte-hartzailea izan da. Kontsulta egin zaie Eusko Jaurlaritzako sail guztiei, hiru foru-aldundiei eta EUDELi, eta kontsulta publikora eraman da. Testuak 400 ekarpen baino gehiago jaso ditu, bai gizarte zibilaren aldetik, bai erakundeen aldetik: 300 ekarpen inguru gizarte zibilaren aldetik, eta ehundik gora administrazio ezberdinen eskutik.

Prozesuan, honako hauek parte hartu dute: generoan eta berdintasunean adituak diren pertsonak, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan eta arretan eskumena duten erakunde publikoak, talde feministak, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan, detekzioan eta arretan esku hartzen duten profesionalak, indarkeriaren biktimekin lan egiten duten gizarte-eragileak, erakundeak eta elkarteak. 

Eusko Jaurlaritzaren erantzuna indarkeriaren aurrean

Bestetik, «Eusko Jaurlaritzak EAEko emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean emandako erantzuna» izeneko txostena onartu du Gobernu Kontseiluak, eta bertan zehazten dira Eusko Jaurlaritzak emakumeen aurkako indarkeriaren arloan eskaintzen dituen zerbitzuak. Emakunderekin batera, Jaurlaritzako sei sailek (Segurtasuna, Enplegua eta Gizarte Politikak, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza, Osasuna, Lana eta Justizia eta Hezkuntza) hainbat zerbitzu eta prestazio eskaintzen dituzte modu koordinatuan. 2018an egindako inbertsioa kuantifikatzen da txostenean: 25.212.764 euro guztira.