Euskadik 3,8 milioi turistarekin itxi du 2019

0

Turismoa % 3,2 hazi da modu eutsi eta iraunkor batean 2018arekiko

Turismoaren hazkundea desestazionalizaziorako joera erakusten ari da. Azken 3 urteetan % 12,08ko hazkundea izan dugu 2016arekiko, baina % 6,43koa uztaileko eta abuztuko hilabeteetan.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Perez Ezquerrak 2019ko turismoaren balantze bat egin du gaur, EUSTATeko datuak argitaratu ondoren. Aterpetxeetako eta kanpinetako abenduko daturik ezean, INEk ematen dituenak, 3,8 milioi bisitarirekin itxi du 2019 Euskadik.

Hazkundea, 2018arekiko, % 3,2koa da (120.000 turista inguru) eta ostatu-gauetan izandako igoera zerbait handiagoa da, % 3,8koa, alegia. Okupazio-maila eta batez besteko egonaldia ere egonkor mantentzen dira azken 3 urteetan. Batez besteko egonaldia 1,95ekoa zen 2017an eta orain 2koa, eta okupazio maila, % 50ekoa zena, ia % 54koa da orain.

Adierazi beharra dago bertako turismoa dela handiena (% 58,8) bertakoa ez den turismoaren aldean (% 41,2). Bietan izan da hazkundea (bertako turismoa % 1,8) (bertakoa ez dena % 5,5), baina handiagoa da hazkundea bertakoa ez den turismoan.

Lurraldeak

Lurraldeka, Euskadira datozen turisten % 46,8k Bizkaian igarotzen dute gaua, % 39,7k Gipuzkoan eta % 13,5ek Araban. Turistak jatorriaren arabera bereizita, bertako turisten portzentajerik handiena Arabak du (% 72,3) eta bere atzetik Bizkaiak (% 59) eta azkenik Gipuzkoak (% 53,8). Euskadin turista atzerritarren % 9k bakarrik igarotzen dute gaua Araban.

Desestazionalizazioa

Sailburuak azaldu duenez, desestazionalizaziorako joera erakutsi du hazkunde honek. “Jakina denez, uztaila eta abuztua dira turisten sarrera handiena duten hilabeteak, baina esan beharra dago aurreko urteko aldi berarekiko hazkundea txikiagoa dela beste hilabete batzuetakoen aldean (% 0,9)”.

Uztaileko eta abuztuko hilabeteetan hazkundea % 1,25ekoa izan zen uztailean eta % 0,17koa abuztuan; otsaila, iraila eta urria bezalako hilabeteetan, berriz, % 5etik gorakoa izan da. Azken 3 urteak aztertuz gero, % 12,08ko hazkundea izan dugu 2016arekiko, baina % 6,43koa uztaileko eta abuztuko hilabeteetan.

“Hazkunde eutsia eta iraunkorra duen helmuga da Euskadi. Azken hamarkada honetan erakutsi egin dugu ahalmena dugula turismoaren industria bat eraikitzeko gure garapenean erantzukizunaren eta iraunkortasunaren horizontea galdu gabe” gogora ekarri du Sonia Pérez Ezquerrak.

Euskadin, turismoaren sektoreak BPGaren % 6,1 adierazten du, ia 107.000 enplegu, guztizkoaren % 11, eta ekonomiaren gainetik ari da hazten. “Ahalmen handiko sektorea da, dagoeneko aberastasun ekonomiko eta kultural handia ekartzen ari zaiona gure herrialdeari. Datu hauekin planteatzen ari garen helburua da lanean jarraitzea desestazionalizazioaren eta gure bisitarien fidelizazioaren alde, turismoaren herrialdearentzat itzulketa ekonomikoa gehitzearren, bai jarduerari bai enpleguari dagokienez”.