Lehendakariak San Rafael Fundazioak gizarteari egindako zerbitzua eskertu du

0

Iñigo Urkullu lehendakariak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalekin batera, San Rafael Fundazioaren zentroa bisitatu du. Zentro horretan, mendekotasun fisikoa edo psikikoa duten edota gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak zaintzen dituzte.

San Rafael Atenzio Zentro Fundazioa itsuentzako zentro bat da, eta, 2018. urteaz geroztik, nahasmendu mental larria (hala nola eskizofrenia edo nahasmendu bipolarra) duten pertsonak ere badaude. Azken batean, Fundazioak borondatezko laguntza-lan solidarioa eta konprometitua ahalbidetzen die mendekotasun fisikoa edo psikikoa duten edota gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonei.

Eskaini duen hitzaldian, San Rafael Fundazioak egindako zerbitzua eskertu du lehendakariak, eta hurbiltasuna eta babesa helarazi dio San Rafael zentroko arduradunek, langileek, boluntarioek eta egoiliarrek osatzen duten familia handiari. Urkullu harro agertu da elkartasun-printzipioak eta elkartasun-balioak dituen erakunde horretaz.

Zentrora egin duten bisitan, lehendakaria eta ekitaldian izan diren gainerakoak zentroko hainbat lekutan izan dira, eta bertan bizi diren 16 pertsonak eta bertan zeuden boluntarioak ezagutu dituzte.

San Rafael Atenzio Zentro Fundazioa

1905 urteaz geroztik, “Pía Unión de Santo Domingo” elkarteak (hasiera batean San Rafael Neska Itsuen Eskolaren bitartez) kalteberatasun-egoeran dauden emakumeei lagundu die, eta harrera eskaini die beren autonomian zailtasunak dituzten emakumeei –itsuak eta gor-itsuak izateagatik edota baliabide ekonomiko urriak izateagatik–, etxeko babes-ingurune batean, pertsona horien autonomia eta sozializazioa bultzatzeko eta harreman afektibo eta sozialak sendotzeko. Hura izan zen San Rafael Atenzio Zentro Fundazioaren hazia.

Lehendakariak azpimarratu du Fundazioa erakunde aitzindaria dela, eta premiarik handiena dutenei laguntzeko asmo irmoa eta kezka dituela oinarri. Era berean, zentroaren izaera aitzindaria eta desgaitasun motaren baten edo egoera sozioekonomikoaren ondorioz kalteberatasunik handieneko egoerak jasaten dituzten pertsonenganako arretan erakutsitako konpromisoa azpimarratu ditu. “Arreta humanoa, hurbila, beroa eta kalitatekoa eskaintzen duzue hemen”, adierazi du.