INDUSTRIA ELEKTRONIKAKO INGENIARITZA GRADUKO HIRUGARREN IKASTURTEKO PROIEKTUAK RS AMIDATA ENPRESAREN LAGUNTZA IZAN DU

0

Ikasleek eurek hautatutako produktu elektroniko bat diseinatu, muntatu eta testatzea izan da proiektua, enpresaren ordezkari baten laguntza izan dutelarik beharrezko gailuak aukeratzeko.

Project Based Learning metodologiaren baitan, Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza guztietan aplikatua, Industria Elektronikako Ingeniaritza Graduko hirugarren ikasturteko ikasleek proiektua egin dute RS Amidata enpresarekin elkarlanean. Horretarako ikasle talde bakoitzak askatasuna izan du garatu beharreko proiektu mota aukeratzeko eta behin hau hautatuta, produktua diseinatu, muntatu eta testatzeko.

Aukeratutako eta ikasleek garatutako produktuak izan dira patinete elektriko bat, gurpildun aulki baterako elektrifikazio modulu bat, haurrentzat kotxe elektriko bat eta long board elektriko bat. Elektronikako ikasleak eurak izan dira arduratu direnak materialak eta beharrezko gailu elektronikoak hautatzeaz, aurrekontua kudeatzeaz batera. Horretarako, aurretiaz ikastaroa jaso dute Ignacio Castroren eskutik, RS Amidata enpresako ordezkaria, eta bertan azaldu diete nola hautatu eta kudeatu material erosketa prozesua.

Behin proiektua amaituta, proiektu irabazlea hautatu du Ignaciok berak unibertsitateko irakasleekin batera: motordun patinetea; Jon Albizu, Pello Bengoa, Nikolas Berraondo, Ander Biain, Jon Errondosoro, Unai Freire eta Jon Lizarragak egina. Hautaketa irizpideak izan dira proiektuaren konplexutasuna eta bukaerako emaitza, kontuan izanik lanketarako hautaturiko motorrek konplexutasun maila ezberdinak dituztela, Brushed DC izanik tratatzeko konplexuena.

Irabazleen saria izan da taldekide bakoitzarentzat Raspberri Pi 3 plaka bana, gainera, klaseko kide guztiek RS Amidataren diploma bat jaso dute.

Erronka irekia

Proiektu honetan, lehen aldiz industria elektronikako graduan, irakasleek nahiago izan dute ikasleen esku uztea garatu beharreko produktuaren definizioa eta hautapena; horretarako ezarri dituztelarik bete beharreko gutxieneko baldintzak:

  1. Produktu autonomoa izan.
    1. Sare batera konektaturik kargatzea.
    2. Karga prozesua kontrolatzea.
  2. Mugimenduaren kontrola eroatea.
    1. Eragingailu elektrikoa edukitzea.
    2. Motorraren momentua kontrolatzea (par motor).
    3. Motorra elikatzeko modulazioa ezartzea.
  3. Gainbegiratze eta monitorizazio sistema edukitzea.
    1. Denbora errealean exekutatua eta produktuan txertatua.
    2. PC bidez monitorizatua.

Nabarmendu beharra dago epaimahaiak azpimarratu duela aurkeztutako proiektuen kalitate handia eta froga pilotu honen esperientzia atsegingarria non ikasleak eurak izan diren proiektuaren erabateko protagonistak.

Kolaborazio egonkor bat

RS Amidata Mondragon Goi Eskola Politeknikoarekin laguntza harreman egonkorra duten laguntzaile sarean dago. RS Amidata elektronika, automatizazio eta kontrol produktu banatzaile handienetakoa da tresna nahiz kontsumigarriekin batera eta milioi bat bezerotik gora du munduan 32 herrialdetan presentzia izanik.