Getxo: Udalak 180.000€ zuzenduko ditu esklusio- egoerak prebenitzeko eta artatzeko

0

Getxoko Udalak 180.000€ bideratuko ditu aurten ere, esklusio-egoerak prebenitzeko eta artatzeko, eta pertsonen eta familien gizarteratzea sustatzeko udal gizarte diru-laguntzetarako. Udalaren Laguntzak aldizkakoak ez diren prestazio ekonomikoak dira, gastu espezifikoei edo apartekoak diren gastuei aurre egiteko nahikoa baliabide ez dituzten udalerriko bizilagunentzat.

Berritasun gisa,  2020an prestakuntzatik eratorritako  gastuetarako laguntzak emango dira, eta genero-indarkeriarekin edo etxeko indarkeriarekin lotutako egoeragatik artatutako pertsonei Getxon hiru hilabeteko errolda edo benetako bizilekua eskatuko zaie, beste kolektibo berezi batzuei bezala; gainerako biztanleei, berriz, sei hilabetekoa eskatuko zaie.

Laguntza hauek eskatu ahal izateko, aurretik dagokion Gizarte Langileak egindako beharren hasierako balorazioan oinarritutako nahitaezko aldeko balorazio profesionala behar da. Izan ere, eskatzaileek (adin nagusikoak) Udaleko Gizarte-langilearekin aurretik adostutako Arreta pertsonalizatuaren plan batean parte hartu behar dute, laguntzen aparteko izaera dela-eta, prestazioak egoera zehatz batzuk hobetzeko tresnak edo instrumentuak dira, eta hobetzeko ibilbide oso batean kokatzen dira.  Eskatzaileek ondasun higiezinak %100eko jabetzan ez dute eduki behar, edo Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren araudian ezartzen direnak  eta laguntzaren modalitate bakoitzerako baldintza espezifikoak bete beharko dituzte.

Eskaerak aurkezteko epea 2020ko abenduaren 10era egongo da zabalik Getxoko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan. Laguntzak justifikatzeko, laguntza izan duten kontzeptuen inguruko ordainagiriak eta/edo fakturak aurkeztu beharko dira. Gehieneko epea 2021eko urtarrilaren 29a izango da. 

Laguntzen mota
Laguntzak etxebizitzari lotutako beharretarako izango dira (ostatua, eta etxebizitzari eusteko eta kontserbatzeko), laneratzea eta gizarteratzea bultzatzeko (diruz laguntzen ez dituzten prestakuntza-prozesuen eta/edo lan gaikuntzaren ondoriozko gastuetarako, haurtzaindegietara eramateagatik sortutako gastuetarako, eta Bizikidetzako Unitateko adingabeen jarduerak medio sortutako gastuetarako), eta  beste mota bateko laguntzetarako (elikadura, jantzien eta oinarrizko tresnen oinarrizko premietarako, osasun-arloko premietarako, eta arreta pertsonalizatuaren plana bultzatzeko gastuetarako).

2019
2019an Udalak 127 (94, 2018an) gizarte laguntza eman zituen, 169.385€-ko zenbatekoan. Horren %55a etxebizitzari lotutako gauzatarako izan zen.