Eusko Jaurlaritza autonomia erkidegoekin koordinatuta jarduteko prest agertu da prebentzioaren arloan eta sor litezkeen koronabirus kasuen aurrean jardutean

0

Euskadi Lurralde arteko Kontseiluan izan da gaur, koronabirusaren epidemiari buruzko ezagutza trukatzeko eta Osasun Sailek egoeraren jarraipen koordinatua egiteko.

 Osasun sailburuak, Nekane Murgak, lasaitasun mezua zabaldu du berriro, gaur egun ez baitago infekzio kasu bakar bat ere Euskadin. Gainera, gaineratu du Euskadik baduela jarduteko protokolo bat, eta erakutsi duela gai dela Osasun Publikoa Osakidetzarekin koordinatzeko, bai eta arrisku-kasuak garaiz identifikatzeko ere.

Koronabirusaren aurreko lasaitasun-mezu hau hurrengo bi ideietan oinarritu du sailburuak: alde batetik, Euskadin kutsatutako pertsonen kasurik ez egotea; eta bestetik, Euskal Osasun Zerbitzuaren eta Osasun Publikoko teknikarien lanaren indarrean. Azken hauek koordinatuta daude eta protokoloa komunitate zientifikoak eskaintzen dituen ekarpenetara egokitzen ari dira.

Osasun sailburu Nekane Murgak Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren amaieran azaldu duen bezala, Ministerioak osasun-arloko arduradun autonomiko gorenei dei egin die 2019-nCoV birusak eragindako izurritearen egoerari buruzko informazioa trukatzeko, eta, bertan, koordinatuta egotearen eta komunikazioa indartzearen garrantzia nabarmendu da. Bileran, sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak gainerako autonomia-erkidegoekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko borondatea duela, balizko kasu baten prebentzioan, detekzioan eta jarduketan.

Horrez gainera, koordinazio-talde bat eratu da eskuera dagoen informazio guztia zentralizatzeko eta jarduteko jarraibideak emateko. “Helburua da ahalik eta ongien prestatuta egotea jardun behar izanda ere”, erantsi du sailburuak.

Bestalde, Osasun Sailak eta Osakidetzak berretsi dute garrantzizkoa dela neurri sinple batzuk hartzea ez kutsatzeko, eta gogoratu dute gripearen aurrean hartu behar diren neurri berberak direla:

  • Eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzea.
  • Eztul edo doministiku egitean ongi estaltzea ahoa eta sudurra besoarekin edo zapi batekin, arnas jariakinik ez zabaltzeko.
  • Ahal dela, erabili eta botatzeko mukizapiak erabiltzea zintz egiteko, eta erabili bezain laster botatzea.
  • Larrialdietara edo EAGra joan behar izanez gero, babes-maskarak erabiltzea.

 

Azkenik, Osasun sailburuak errespetua eskatu du Txinako komunitatearekiko, eta tratu diskriminatzailea saihesteko, ez baitago justifikatuta kutsatzeko arrisku handiagoa egoztea.