Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOO-k eta UGT-k onetsi egin dituzte Gizarte Elkarrizketarako Mahaiko Lan-taldeek lortutako akordioak eta 2020rako Lan-plana finkatu dute.

0

Eusko Jaurlaritzak, CONFEBASKek, CCOOk eta UGTk gizarte-eragileek onetsi egin dituzte 2019an lortutako akordioak Gizarte Elkarrizketarako Mahaiko bost Lan Taldeen aldetik: Genero Berdintasuna, Laneko Osasuna, Enplegua, Industria eta Lanbide Heziketa.

Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitza nagusian (Lakua) gaur egindako bileran parte hartu dute Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak. Enpresa- eta sindikatu-erakundeetako ordezkaritzaren buru izan dira Euskal Enpresarien Konfederakuntzako (Confebask) presidente Eduardo Zubiaurre, Euskadiko CCOOko idazkari nagusi Loli Garcia eta Euskadiko UGTko idazkari nagusi Raúl Arza.

Gizarte Elkarrizketarako Mahaiko presidente eta Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék alde guztien poza adierazi du mahaiaren jardunaren lehenengo urtean lortutako akordioengatik eta, Lan Taldeek 2019an garatutako jardunaren xehetasunak eman ondoren, gizarte-elkarrizketa osatzen duten eremuetako bakoitzean baliozkotu eta onetsi diren akordioak aurkeztu ditu, baita haien euskarri diren dokumentuak ere.

“Lan hau guztia eta bere emaitza eraginkorrak –nabarmendu du San Josék– lehenengo aktibo nabaria dira, lan handi eta sistematiko batena; talde desberdinek 25 bilera operatibo baino gehiago egin dituzte, eta horiei aurreko beste esperientzia batzuk gehitu behar zaizkie, oraingo esparruaren aurrekaria izandakoak, kontuan izanik aurrekari hori, instituzionalizatu eta juridikoki artikulatu ondoren, oinarrizko egitura bilakatu dela gizarte-elkarrizketa irmo eta etengabe baterako”.

Bestetik, San José sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak eta gizarte-eragileek partekatutako nahia den aldetik itunerantz aurrerapausoak ematea, helburu horretan, etapa berri honetako aurreneko lorpen gisa, hau da nabarmentzekoa: harremanaren normalizazioa, talde desberdinen buruan diren eta prozesuan parte hartzen duten sindikatuetako eta enpresetako ordezkarien eta gizarte-elkarrizketan inplikatutako sailetako arduradunen artean.

“Taldeen lanarekiko benetako konpromiso horrez gain –gaineratu du San Josék– elkargune bat finkatzeko eta lan-metodoa baliozkotzeko borondatearen isla da, eta errealitate bat da, ziurtatu daitekeena, emaitza objektiboak lortu direla 2019an izandako gizarte-elkarrizketaren emaitzaz. Lehenik, diagnostiko, adostasun eta balorazio partekatu ugari, balio izango dutenak orain arte egindako bidearekin koherentzia gordeko duten etorkizuneko ekimenak gidatzeko eta, bigarren, dokumentu ugari, talde desberdinen barruan sortuak, eta Lan Taldeek lortutako adostasunen isla direnak, eta beren kide guztiek partekatutako akordioak, diagnostiko komunak eta balorazio partekatuak jasotzen dituztenak, gaur Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak baliozkotu eta onetsi dituenak, alegia”.

Azkenik, Gizarte Elkarrizketarako Mahaiko presidente María Jesús San Josék gogora ekarri duenez, bost Lan Taldeak 2019ko otsailean eta martxoan zehar eratu ziren eta haien lan-plan sektorialak doitu egin ziren aurretik Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak 2019ko otsailaren 11n izandako erakuntza-bileran onetsitako gidalerro eta jardute-lerroetara. Gainera, gaur egindako bileran onetsi egin da 2020ko Lan Plana.

ELKARRIZKETA SOZIALAREN MAHAIKO AKORDIOAK

BERDINTASUNA

1.- Baterako deialdia eta adierazpena, emakumeen eta gizonen arteko kontziliazio erantzunkidea sustatzearen funtsezko garrantziari buruzkoa. (1. Dokumentua)

2.- Baterako deialdia eta adierazpena, berdintasunerako urrats kualitatibo gisa emakumeen eta gizonen arteko genero-joera gainditzeari buruzkoa. (2. dokumentua)

3.- Berdintasun-taldearen akordio-proposamena, 2020. urtean berdintasun-plan pilotu bat lantzeko aplikatu beharreko metodologiari buruzkoa. (3. dokumentua)

ENPLEGUA

1.- Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren lantaldeko gizarte- enpresa- eta sindikatu-eragileen jarrera bateratua, 2017-2020 enpleguaren Euskal Estrategiaren tarteko ebaluazioari buruzkoa. (4. dokumentua)

2.- Euskal Enplegu Sistemaren etorkizuneko Legearen inguruko Oinarri Komunei buruzko akordioa (5. dokumentua).

LANBIDE HEZIKETA

1.- Lanbide heziketa hobeto garatzeko lehentasunen inguruko akordioa (6. dokumentua)

2.- Gizarte-eragileen biko dokumentua: orientazioaren arloko diagnostikoa eta jarduteko proposamenak. (7. dokumentua)

LANEKO OSASUNA

1.- Prebentzio Kulturaren Euskal Behatokia enpresa txiki eta ertainetan sortzeari buruzko akordioa. (8. dokumentua)

INDUSTRIA

1.- 4.0 industriarako bidezko trantsizioa egiteko Euskal Itun Sozialaren oinarriak (9. dokumentua)

 

2020ko LAN-PLANA

BERDINTASUNA

1.- Aldez aurretik hautatutako enpresa multzo batean berdintasun-planak borondatez ezartzeko 2019. urtean itundutako metodologia abian jartzea eta, esperientzia horietan oinarrituta, arloari buruzko irizpideak eta orientazio orokorrak lantzea.

2.- Berdintasun-planak borondatez ezartzeko prozesuan parte hartzen duten berdintasun-batzordeetako kideei zuzendutako prestakuntza espezifikoko programa bat ezarri eta aplikatzeko oinarri komunak.

3.- Berdintasun-neurriak eta berdintasun-planak negoziazioaren bidez ezartzen laguntzeko negoziazio kolektibora bideratutako irizpideak eta orientazioak lantzea.

4.- Berdintasunak negoziazio kolektiboan duen tratamenduaren eta eraginaren diagnostiko eguneratua eta “balio bereko lanari” buruzko beste azterlan batzuk egitea.

5.- Kontziliazio erantzunkiderako mekanismoak oro har hobetzea, negoziazio kolektiboaren bitartez: hitzarmenak, itunak eta akordioak.

ENPLEGUA

1.- Enplegurako lanbide-heziketako (euskal) eredu propio bat diseinatu eta ezartzeko oinarriak.

2.- Enpleguaren Euskal Estrategia berritzeko oinarri partekatu batzuk aztertzea eta lantzea.

LANBIDE HEZIKETA

1.- Enplegurako lanbide-heziketako (euskal) eredu propio bat diseinatu eta ezartzeko oinarriak.

2.- Bizialdi osoko orientazio-eredu integratu bat abian jartzeko oinarri komunak eta irizpide partekatuak identifikatzea eta azaltzea: ereduaren eduki materiala eta gobernantza-irizpideak.

3.- Lanbide-heziketako sistema integratua adostutako lehentasunen esparruan garatzeko ekintzak ezartzea, Lanbide Heziketaren Euskal Legean aurreikusitakoa aplikatuz.

LANEKO OSASUNA

1.- Prebentzioko ordezkariei zuzendutako aldizkako prestakuntza- eta birziklatze-ekintzak diseinatzea eta aktibatzea, 1999ko Lanbide arteko Akordioaren esparruan.

2.-Prebentzioko ordezkarien erregistroa aktibatzea, hasierako prestakuntza eta birziklatze-prestakuntza babesteko tresna gisa.

3.- Enpresek laneko arriskuen prebentzioarekin duten konpromiso eraginkorra baloratzeko adierazleak identifikatzea.

4.- Kontratazio publikoaren eta diruz laguntzeko moduko beste ekintza batzuen bidez prebentzio-politika sustatzeko ekintzak diseinatzea.

5.- Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategia 2021-2026.

6.- Enpresa txiki eta ertainetara zuzendutako Prebentzio Kulturaren Euskal Behatokiari buruzko akordioa ezartzea eta haren jarraipena egitea.

INDUSTRIA

1.-4.0 industriarako bidezko trantsizioa egiteko Euskal Itun Soziala sinatzea eta garatzea.