URKULLU LEHENDAKARIAK, JUAN MARI ABURTO ALKATEAREKIN BATERA, AZKUNA ZENTROA-ALHONDIGA BILBAO BISITATU DU, ZENTROAREN HAMARGARREN URTEURRENEAN

0
  • Lehendakariak eta Bilboko Alkateak udal-instalazioetatik ibilbidea egin dute, eta Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroari lotutako artisten azken proiektuak ezagutu dituzte, zentroko zuzendari Fernando Perezek lagunduta.
  • Topaketa Azkuna Zentroaren hamargarren urteurrenaren barruan egin da, zentroak 2019-2023 Programa Proiektuaren bigarren urteari ekin diolarik.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo UrkulluAzkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbao Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroa bisitatu du gaur arratsaldean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin, Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Pérezekin, Kulturako zinegotzi Gonzalo Olabarriarekin eta Udaleko Gobernantzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi Gotzone Sagarduirekin batera.

Azkuna Zentroko zuzendaria den Fernando Pérezek lagunduta, Zentroa ikuskatu dute, jardueren programazio-ildoak eta espazioak hurbilagotik ezagutzeko. Bisita Azkuna Zentroaren hamargarren urteurrenaren barruan egin da, zentroak 2019-2023 Programa Proiektuaren bigarren urtea hasi duen unean.

«LANTEGIA. IDEIEN LABORATEGIA«, KULTURA ETA SORMEN INDUSTRIAK PROFESIONALIZATZEKO

Atarian zeudenei hitz batzuk esan ondoren, agintariek udal-instalazioak bisitatu dituzte, eta aukera izan dute Zentroarekin lotura duten artista batzuen lana bertatik bertara ikusteko, hala nola gaur egun Azkuna Zentroko egoiliarra den Alina Aguila artista kubatarraren lana, eta Hotsetan musika-programa esperimentaleko Natasha Barret (UK) eta Mikel Iturregi (Sopela) artistena.

Gero, “Lantegia. Ideien laborategia” ikuskatu dute, eta Zentroko zuzendaria den Fernando Pérezek zehatz azaldu dizkie sorkuntza garaikideko eta kultura eta sormen industriak profesionalizatzeko espazio horretan garatzen ari diren proiektuak.

Lantegia. Ideien laborategia” da Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaok proiektu artistikoak ekoizteko eta bistaratzeko duen gunea, eta parte-hartzea, sorkuntza, berrikuntza, jakintza, irisgarritasuna eta aniztasuna sustatzen ditu. Arteen eta kultura eta sormen industrien sektorea profesionalizatzeko tokia da, nazioarteko proiekzioa du, eta lankidetza, sorkuntza eta berrikuntza sustatzeko eratu da.

Lehenengo hilabete hauetan, Lantegia espazioan, dantza garaikidearen eta praktika artistikoen egonaldiak jarri dira abian, eta hilabete gutxi barru, honako hauek aktibatuko dira: komikien nazioarteko egonaldi berria, A. Polaroiska eta Oscar Gómez Mata artista AZkideak, BAT gunea –orain, Azkuna Zentroko egoiliar diren José Ramón Aís eta Lester Álvarez artisten lanaren erakustokia– eta Kultura digital eta Teknologia gunea, non Iván Gómez artistak lan egiten baitu Laborategi digitaleko proiektu berri batean.

Ondoren, Zentroko Erakusketa Aretoa bisitatu dute, eta lehendakariak “Steve Paxton. Drafting interior techniques” muntatzeko lana ikusi ahal izan du, dantza garaikidearen erreferente horri buruzkoa baita Azkuna Zentroaren hurrengo erakusketa. Era berean, aurtengo erakusketa-programaren berri izan dute; hor, Estatuko eta nazioarteko koprodukzioak eta Euskal Herriko bi artistaren erakusketa monografikoak nabarmentzen dira: Ana Laura Aláez eta Mabi Revueltarenak.

Bisita instituzionalak Mediatekan izan du jarraipena, gune horrek etapa berri bati ekin baitio XXI. mendeko liburutegi bihurtzeko, hau da, konektatzeko, pentsatzeko eta sortzeko leku bilakatzeko.

X. URTEURRENA

Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbao deritzon Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak hamargarren urteurrena beteko du 2020ko maiatzaren 18an.

2010ean inauguratu zenetik, hainbat etapa izan ditu aisialdi eta kultur zentro gisa, gaurdaino. Une honetan, gizartea gaur egungo kulturarekin lotzea, eta inguruko kultura, arte eta gizarte-inguruneari balioa eranstea du helburu.

Joan den urtean 2019-2023 Programa Proiektua abian jarri ondoren, Azkuna Zentroak lanean jarraitzen du, Zentroa kultura garaikidera sartzeko eta harekin lotzeko plataforma izan dadin, erabiltzaile, bisitari, artista eta sortzaileentzat, kultura bultzatzeko eredu partekatu baten bidez, inguruko pertsona, artista, enpresa eta erakundeekin egiten den lana fidelizatuz, eta publikoen eta komunitateen hobi berriak bilatuz.