Lanbide Heziketako 2.200 ikasletik gora elkartu ditu IX Ikasenpresa Azokak Eibarren, gazteen artean ekintzailetza bultzatzea helburu hartuta

0

Rikardo Lamadrid Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak IX. Ikasenpresa Azokaren irekieran parte hartu du gaur goieze, Eibarko Untzaga plazan.

Eibarren elkartu dira, aurten berriro, ikasgeletan ekintzaile kultura lantzen duten Lanbide Heziketako ikasleak, Ikasenpresa Azokaren bederatzigarren edizioan parte hartzeko. Untzaga plazan eta Txantza Zelain kokatutako karpa eta standetan erakutsi dituzte 2.240 ikasle inguruk euren ikastetxeetan garatu dituzten produktu eta zerbitzuak, ekintzailetza sustatzea helburu duen Ikasenpresa programaren baitako proiektu gisa. Aurten, azokan erakutsi diren Ikasenpresa proiektuen kopurua 447raino iritsi da (376 izan ziren iaz). Ekimenean parte hartzen duten Lanbide Heziketako 82 euskal ikastetxeetako 64-tatkoak izan dira guztiak.

Ikasleek garatu dituzten produktu edo zerbitzu horiek arlo eta sektore erabat desberdinetakoak dira, hala nola, osasunaren eremukoak, ostalaritzakoak, informatikakoak, energia arlokoak, robotikaren ingurukoak, ile apaindegi eta estetika arlokoak, eraikuntzakoak edo nekazaritza arlokoak, besteak beste. Goizeko 10:00etan hasi eta 13:00ak arte iraungo du azokak Eibarko Untzaga plazan eta Txantxa Zelain.

Zer da Ikasenpresa programa?

Ikasenpresa, ikasgeletan eskola-enpresak sortzea ardatz duen hezkuntza-programa da. Proiektu horren helburuen artean enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea dago eta baita gaitasun ekintzaileen garapena sustatzea ere: sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, informazioaren kudeaketa, iniziatiba, lidergoa, konpromisoa, negoziazioa, eta abar. Honez gain, ikaslea, beste kultura eta gizarte-errealitate batzuetara hurbildu eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu nahi da.

Programaren helburuak:

  • Ikasenpresa bat sortzea, ekintzaile izateak zer esan nahi duen jabetu daitezen ikasleak.
  • Ikasleen gaitasunak garatzea, profesional onak izan daitezen: enplegagarriak, aktiboak, ekintzaileak edo euren lantokietan ekintzaile izateko.
  • Ikasleak autoenplegua beste aukera on bat dela jabetzeko sentsibilizatzea.

Zer egiten da?

Ikasleek enpresa txiki bat martxan jarriko dute ikasgelan, eta enpresaren jarduera guztiak aurrera eramango dituzte (irudi korporatiboa, administrazioa, marketina, salerosketa, eta abar). Produktu edo zerbitzu errealak izango dira, beraiek ekoiztu edo merkaturatutakoak.