EMEKI Elkartearen eskutik emakumezkoen pala txapelketa

0

Larunbata honetan hasi eta finala martxoaren 7an, ‘Emakumeen V. Pala Txapelketa’ ospatuko da Soroetako pilotalekuan. Aurkezpen ekitaldia gaur burutu da, eta hantxe izan da Gotzone Larrarte, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun zinegotzia, eta EMEKI Elkarteko Maria Jesus Berrotaran, Tzane Carrillo eta Lucia Elizondo.

“Helburua emakumeen kirola, eta kasu honetan pala, ezagutaraztea eta ikustaraztea da” esan du Larrarte zinegotziak. “Kasu honetan Udala laguntzaile moduan dago, Soroetako frontoia egokitu egin dugu aste honetan bertan. Gogoratu nahi dut duela bi urte Udalak 13.000 euro gastatu zituela frontoia margotzen, eta berriz ere dena zikindu egin zutela pintadekin. Berriz ere egokitu dugu eta deialdia egin nahi dut errespetatua izan dadin”.

1994. urtetik

Maria Jesus Berrotaranek esan duenez, “1994 eta 1997 urteen bitartean lau txapelketa ospatu ziren, eta orain bosgarrena egiten dugu. Azken aldiotan hitzegina genuen berreskuratu egin behar genuela, eta azkenean lortu dugu. Hondarribiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman nahi dizkiet eman diguten laguntzagatik”.

“Txapelketa honetaz gain, urtean zehar ikasketxeetan ere arituko gara pala eta esku pilota sustatzeko asmoz, Hondarribiko Pilota Eskolarekin batera” gehitu du Berrotaranek.

Lucia Elizondok azaldu duenez, “12 bikotek parte hartuko dute, otsailaren 8, 15 eta 22an jokatuko dira leihak, eta finala ordea martxoaren 7an, Emakumearen Astearen barnean integratu dugularik. Mailako txapelketa izango da eta hiritarrak eta bisitariak deitu nahi nituzke ikuskizuna ikustera”.