Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 87 musika proiektu babestu zituen 2019an, sei diru-laguntza lerroren bidez

0
  • Elkar, Serrano Producciones edo Bilboko Kafe Antzokia bezalako eragileak, eta Izaro, Zea Mays edo Diego Vasallo bezalako artistak daude laguntzen onuradunen artean.

Gasteiz, 20202/02/07

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak musikaren sektorearekin lotutako 87 proiektu diruz lagundu zituen 2019an, sei diru-laguntza lerroren bidez. Jaurlaritzak 660.000 euro bideratu zituen ekimen horietara: 610.000 euro ‘Musika jarduera profesionaletarako’ diru-laguntzen deialdiaren bost modalitateen bidez eta 50.000 euro ‘Musika konposiziorako’ laguntzen bidez (‘Kultur sormena’ laguntzen deialdiko modalitateetako bat). Sailaren laguntzen onuradunen artean daude Elkar, Serrano Producciones edo Bilboko Kafe Antzokia bezalako eragileak, eta Izaro, Zea Mays edo Diego Vasallo bezalako artistak, besteak beste.

Diru-laguntza deialdi irekiak dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kultur sorkuntza bultzatzeko bide nagusia. Musikaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak «Musika jarduera profesionalak» izeneko deialdi bat du, bost modalitateren bidez izaera desberdineko musika-proiektuak diruz laguntzeko aukera ematen duena. Lehenengo modalitatea musika partituren edizio inprimatua diruz laguntzera zuzenduta dago, eta iaz 10 diru-laguntza eman zituen, guztira 42.548 euroko aurrekontuarekin. Modalitate horren bidez Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jaso zuten eragileetako batzuk hauek izan ziren: CM Ediciones, Orpheus Music edo Euskal Herriko Txistulari Elkartea.

Laguntza-deialdi horrek beste diru-laguntza modalitate bat du euskal artista eta taldeen musika proiektu bateratuak babesteko. Modalitate horri esker, 37 ekimen diruz lagundu ziren, eta onuradunen artean daude, besteak beste, Zea Mays, Josu Okiñena, Ensemble Kuraia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Izaro, Lauroba edo Diego Vasallo. Guztira, 165.262 euro bideratu zituzten laguntza lerro horretara, 1.137 eta 6.439 euro arteko diru-laguntzekin.

Hirugarren modalitateak euskal musika eszenako eragileek bultzatutako enpresa-ekimen musikalak babestea du helburu. Modalitate horretara 215.028 euro bideratu ziren iaz, eta 17 ekimen lagundu ziren. Laguntza lerro horren onuradunen artean daude Bilboko Kafe Antzokia, Serrano Produkzioak, Elkar, Mauka Musikagintza edo Baga-Biga Produkzioak.

Deialdi honetako laugarren modalitatea ‘Zuzen-Zuzenean’ izenekoa da, eta zuzeneko musika programatzen duten areto pribatuen lana babestea du helburu. Iaz 140.000 euro bideratu zituzten zuzeneko musika sustatzen duten 11 eragileren jarduera laguntzera. Azpeitiko Sanagustin Kulturgunea, Bilboko Kafe Antzokia, Gasteizko Helldorado edo Donostiako Dabadaba aretoa izan ziren modalitate horren bidez diru-laguntzak jaso zituzten eragileetako batzuk.

Deialdi horrek azken modalitate bat du, hain zuzen, ‘Musika zikloen’ modalitate berria. Horren bitartez 47.162 euro bideratu ziren eta hiru ekimen babestu ziren: Kuraia Musika Garaikidearen Topaketak, Bilbaína Jazz Cluben 2019-2020 Zikloa eta, hirugarrenik, Musikagileak-Musika Garaikidearen Zikloa.

Bestalde, ‘Kultur sormena’-ri zuzendutako deialdiaren barruan, 50.000 euro bideratu ziren musika-konposizioa sustatzea helburu duen modalitatera (deialdi horrek sektore ezberdinetako zazpi modalitate hartzen ditu). Felix Ibarrondo, Ramon Lazkano, Ana Barrio edo Javier Quistant izan ziren laguntza lerro horren onuradunetako batzuk.

Bestelako lerroak

Laguntza-lerro horiez gain, 2018. urteaz geroztik Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 50.000 euroko diru-laguntza ematen dio Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteari, eta hura arduratzen da abesbatzen elkarte nagusiei laguntzeko diru-laguntzen deialdi bat kudeatzeaz. Andra Mari, Easo, Kantik Korala, Kup taldea eta Landarbaso abesbatzak izan ziren iaz onuradunak. Halaber, Donostiako Orfeoiak, Bilboko Koral Elkarteak eta Tolosako Abesbatza Lehiaketak diru-laguntza izendunak jasotzen dituzte.

Operaren esparrua sustatzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero diru-laguntza bat onartzen du ABAOrentzat. Diru-laguntza izenduna duen beste erakunde bat Euskal Herriko Trikitixa Elkartea da.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, berriz, 2019an 7,9 milioi euroko ekarpena jaso zuen, eta Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EHGO) 200.000 euro jaso zituen. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, halaber, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren kudeaketan parte hartzen du. 2019an; Jaurlaritzak 328.000 euroko ekarpena egin zuen.

Era berean, Sailak diruz laguntzen du Euskal Herriko Musika Bulegoa elkartea, musikaren sektoreko eragileen arteko topagune eta lankidetzarako gune irekia, musika-jarduera sustatzea eta hobetzea helburu duena. Elkartea honako hauek osatzen dute: Kultura Live (Euskal Herriko areto pribatuen elkartea); MIE (Musika Industria Elkartea); Musikari (Euskal Herriko musikagileen elkartea) eta Musikagileak (Euskal Herriko musikagileen elkartea).

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak musika-jaialdiak babestu zituen iaz, bai era zuzenean (Musika Hamabostaldia, Getxo Folk eta Donostia, Gasteiz eta Getxoko jazz jaialdiak), bai kultur jaialdietarako diru-laguntza deialdi irekiaren bidez (Aitzina Folk, Dock of the Bay, Loraldia, Mojo Workin, Azken Muga …).