Ermuko erakusleihoek emakume zientzialarien lanak dituzte ikusgai

0

Gure herriko bost saltokik parte hartuko dute #ErakusleihoakO11 ekimenean, datorren otsailaren 11n ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren barnean.

Maribel Liburu Denda, Buenas Migas, Cocoliso, Zapatxiki eta Kokkok euren erakusleihoak apaindu dituzte, bakoitza emakume zientifiko historiko batean zentratuta. Tu Youyou kimikaria, Mae Jemison astronauta, Rosalind Franklin kristalografoa, Maria Da Penha biofarmazialaria eta Gladys West matematikaria ditugu ikusgai dendetan. Saltoki bakoitzak aipatutako zientzialarietako baten argazkia, biografia eta informazioa erakusten du, eta guztiak euren erakusleihoak edertzen aritu dira haien ikerketetan inspiratuz. Horrela, Ermuko merkatariak emakume horien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtu dira, eta emakumeek zientzian duten parte-hartzea agerian uzten laguntzen dute.

Dendak otsailaren 22ra arte egongo dira apainduta. Gainera, Bizilabe ekimeneko zientzia eta teknologia proiektuetan parte hartzen duten gazteek otsailaren 13an, osteguna, arratsaldez establezimenduak bisitatuko dituzte. Establezimendu bakoitzean, aukeratutako emakume zientifikoaren ikerketa-gaiarekin lotutako esperimentuak egingo dituzte, eta hari buruzko informazioa eskainiko diete gerturatzen diren bezeroei.

Haurrentzako ekintzak otsailaren 11n

Otsailaren 11n, asteartea, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta hainbat jarduera antolatu dituzte Ermuko Udalak eta Bizilabek.

Egun horretan bertan, herriko Lehen Hezkuntzako ikasle gazteentzako zientzia eta teknologia jarduerak izango dira Merkatu Plazan. 17:30etik 19:30era energia esperimentuak egingo dituzte -propietate termodinamikoak, suzirien magia, dentsitatearen misterioa -, eta tailer teknologikoak egingo dituzte etxea garbitzeko mikrobotekin eta alarma isil eta zaratatsuekin. Ekimen guztiak emakume ikertzaile profesionalek zuzendu eta gainbegiratuko dituzte, eta doakoak izango dira.

Ermua eta Terrassa buru dituen Innpulso Sareak ezarritako konpromisoari jarraituz, ekintza horien helburuetako bat Sareko hiri guztiak eta herritarrak, oro har, sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da. Horrela, jarduera zientifiko-teknikoei egozten zaizkien rol tipiko maskulinoak apurtzen lagundu nahi da, bai eta nesken eta nerabeen artean karrera zientifikoen aukeraketa sustatzen ere.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari lotutako ekimenen berri izateko, ikus itzazu Ermuko Udalaren eta Bizilabe proiektuaren webguneak, idatzi mezua pe@udalermua.net edo bizilabe.ermua@gmail.com helbideetara edo deitu 943 17 90 10 (Ermuko Udaleko Toki Garapen alorra) edo 688 68 33 20 (Bizilabe) telefono zenbakietara.