Euskadiko ardo esportazioek 160 milioi euroak gainditu dituzte 2019an

0

Beste urte batez, La Puebla de Labarcako herrian egin da Uztaberri Eguna, non upategiek beren ateak irekitzen dituzten azken mahats bilketak eman dituen ardo gazteak ezagutarazteko. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek parte hartu du ekitaldietan, eta ardoen esportazioek pasa den ekitaldian eduki duten bilakaerari buruzko datuak eman ditu bertan. Urrira arte erregistratutako kopuruen arabera, kanpora saldutako ardoaren balioak %2,6 egin zuen gora 2019ko lehen hilabeteetan, 16 milioi euroko kopurura iritsita. Hau da, 2018an garai berean lortu zena baino 4 milioi gehiago lortu dira.

Orozen hitzetan, “ematen du ardoen euskal esportazioen portaera ona sendotu egin dela, balioari dagokionez, batez ere urriko datu bikainen ondoren, orain arteko bigarren hilabete onena izan baita, 24,5 milioi euro fakturatuta».

Jatorri Izendapeneko ardoek, euskal esportazioen motorra eta balio erantsi handiko produktu direnek, kuota handitu dute kanpoko merkatuan, ardo beltzak eta gorriak izanik, modu nabarmenean, gehien esportatu direnak, zuriek ere hazkunde handia eduki duten arren.  Nabarmentzen da ardo apardunen esportazioen garapen bikaina, Japoniara esportatutakoa era esponentzialean handitu baita.

Mekatuen arabera

Ardogintzako produktuetarako oro har, Erresuma Batua (+ %7,3) eta Estatu Batuak (+ %5,1) urrundu egiten dira bezero nagusi gisa, balioari dagokionez, eta atzean dituzte Suitza  (+ %1,2) eta Alemania (+ %2,7), biak hazkunde txikiagoarekin. Frantzia, ordea, helmuga garrantzitsua da soltean saldutako ardorako, eta helmuga nagusi izan da berriro ere, bolumenari begiratuta.

Nabarmentzen da Japoniak eduki duen hazkunde bikaina, gainerako herrialdeek  baino askoz handiagoa, 2019aren hasieran Europar Batasunak eta  herrialde nipondarrak izenpetutako merkataritza librearen ondorioz. Euskal ardoetarako datu onak dira, baita ere, Suediakoak, Norvegiakoak eta Danimarkakoak, bai eta Holandakoak ere, bolumenari begiratuta, balioak behera egin arren. Irlandako eta Kanadako salmentek ere egin dute gora.

Barietateen arabera

Ardo beltzak eta gorriak izan dira urrira bitartean esportatutako ardo lasaien bolumenaren %80 eta balio osoaren %87. Halere, kuota galdu dute, %6,9 behera egin baitute bolumenean, 32 milioi litroko kopururaino. Zuriek, ordea, pisua hartu dute kanpoko merkatuan, %10,8 hazi baitira bolumenean eta %15,4 balioan, 7,8 miloi litroko eta 20,8 milioi euroko kopuruetara iritsita.

Laguntza finantzarioa

Eusko Jaurlaritzak laguntza finantzariorako hainbat lerro ditu ardogintzako enpresen inbertsioak eta sustapen jarduerak bultzatzeko.

Besteak beste, ardoaren MAEren barruan ardogintzako enpresak hirugarren herrialdeetan ezagutarazteko eta sustatzeko ekintza eta programetarako ematen diren laguntzak, aurten 7,5 milioi eurotik gorakoak izango direnak, aurkezten diren inbertsioen arabera.  Azken hiru urteetan, 18 milioi euro inguruko laguntzak eman dira ardoaren MAEren inbertsio programaren bitartez.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak Lehiatu Promocion eta Lehiatu Ardoa laguntza programak ditu, eta aurten 500.000 eta 300.00 euro bideratuko dira laguntza horietara, hurrenez hurren.