Getxo: Udalak beste urrats bat eman du bere parke mugikorraren ingurumen-jasangarritasuna hobetzeko

0

Udalak gutxiago kutsatzen duten eta ingurumena gehiago errespetatzen duten ibilgailuen parkea handitu du. Horretarako, gas natural konprimatuko lau furgoi (GNK), bi auto hibrido eta furgoneta elektriko bat erosi ditu; eta dagoeneko martxan jarri dira ibilgailu horiek zoladurak mantentzeko udal-zerbitzuan. Zazpi ibilgailu berri horiek sartzeak, beraz, ingurumena hobetzea dakar; izan ere, CO2 emisioak eta inpaktuak murriztuko dira, eta zarata gutxiago eta herritarrei traba gutxiago sortuko zaizkie.

Ingurumeneko Hiri Zerbitzu eta Ingurumen Kalitateko zinegotzia den Joseba Arregiren hitzetan, “flota honek dagoeneko betetzen ditu Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planak (HMIP) ezarritako irizpideak. Plan horren helburuen artean dago emisio kutsatzaileak murriztea, eta, horretarako, besteak beste, pertsonentzat gutxiago kutsatzen duten eta ingurumena gehiago errespetatzen duten ibilgailuen erabilera sustatzeaz hitz egiten du”. Hori guztia posible da, Arregiren hitzetan, «dagoeneko baditugulako beharrezko azpiegiturak ibilgailu horiei gasa eta argindarra emateko». Hain zuzen ere, Larrañazubiko ingurumen gunean gas-zerbitzugune edo gasdegi bat du Udalak, eta ibilgailu elektrikoentzako lau karga gune entxufagarri, bi Fadurako kiroldegian eta beste bi Santa Klarako lursailean. Kargatzeko lau puntu horiei, laster, erabilera publikorako bi puntu batuko zaizkie Kirol Portuan eta beste 7 Manuel Gainza parkeko aparkaleku berrian. Gainera, udaleko energia elektrikoa hornitzeko kontratuak (%100 jatorri berriztagarrikoa) hiru puntu berri jartzea jasotzen du. Horrekin, Udalak kargatzeko 16 puntu izango ditu, batzuk udal zerbitzuetarako eta besteak herritarrentzat.

Flota hori hiri-hondakinak biltzeko, bide-garbiketarako, argiteria publikorako eta lorezaintzarako zerbitzuetarako lehendik dagoenarekin bat egiten du. «Horrekin gero eta gutxiago geratzen zaigu HMIPa betetzeko eta ingurumena errespetatzen duten zerbitzu publikoen flota bat izateko», zehaztu du Ingurumeneko Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak. Gaur egun, udal-flota jasangarriak 19 ibilgailu elektriko, 6 hibrido eta 18 gas-ibilgailu ditu.