Euskotrenek lau urtez babestuko du Ibaeta emakumezkoen saskibaloi taldea

0

Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoa den Euskotrenek eta saskibaloiko Ibaeta Kirol Club-ak goiz honetan Donostiako taldearen babes akordioa aurkeztu dute lau denboraldirako, izan ere, Donostian bertan Lugaritz- Easo trenbide saihesbidearen eraikuntza lanak burutzen ari dira.

Ekitaldia Topoaren Intxaurrondoko geltokian izan da eta Euskotreneko presidentea eta Eusko Jaurlaritzako azpiegiturako eta garraioko sailburuordea den Antoinio Aiz eta Ibaeta Kirol Klubaren presidentea den Carmen Muguruza izan dira ekitaldiaren buru eta hauekin batera Euskotreneko Zuzendari Nagusia den Imanol Leza egon da eta baita IDK Euskotreneko zenbait jokalari ere.

Akordio honen bidez, Ibaeta Klubak Euskotreneko marka hedatzen lagunduko du, haren irudia talde-kirolei dagozkien balioekin lotu dadin, hala nola, esfortzua, gainditzea eta talde-lana, eta azpimarratu egin nahi da Euskotren emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde garatzen ari den lana. Horrela, taldearen izenaz gain, IDK Euskotren, trenbide konpainiaren marka kantxan, karteletan, web gunean, sare sozialetan eta ekipamendu berrian agertuko da, azken hau ere ekitaldi honetan aurkeztu da.

Ibaeta Kirol Kluba UPV-EHU barruan jaio zen, Gipuzkoako campusean, eta 2005ean Donostiako Saskibaloiko Ibaeta Kirol Kluba sortu zen kategoria nazional federatuetan lehiatu ahal izateko. 2013-1014 denboralditik maila gorenean dabil eta 2017-2018 denboraldian Erregina Kopako finalerdietara iritsi zen.

Euskotreneko presidentea den, Antonio Aizek “Ibaeta Klubaren eta Euskotrenen arteko lotura” nabarmendu du, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde eta gizarte berdinago eta bidezkoago baten alde egiten duten lanagatik eta ahaleginagatik. Ibaeta klubak bere balioak kirolaren bidez transmitituz eta Euskotrenenek bere plantillan emakume gehiago sartuz edo erasoen aurrean zerbitzu seguruagoa eskaintzeko hainbat neurri gauzatuz”.

Akordio berri horrek Euskotrenek emakumeen kirolari eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-politikei ematen dien laguntza luzatzea dakar, Euskotrenen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planaren barruan dagoen erantzukizun sozial korporatiboko programaren barruan.

Beste alde batetik, Carmen Muguruza, Ibaeta Klubaren presidenteak azpimarratu duenez “klubak etengabe hobetzeko historia luzea du, beti bere nortasunari leial eutsiz, eta eliteko talde bat lortzeko oinarria landuz. Gainera, ziur gaude kirol-, pertsona- eta talde-erronkak ezin hobeak direla Euskotrenekin partekatzen ditugun balioak ikusarazteko, lantzeko eta gauzatzeko.”