Udan haur errefuxiatu sahararrak harreran hartu nahi al dituzu?

0

Otsailaren 11an aurkeztu da Oporrak Bakean programaren “bidaia bat baino gehiago” kanpaina Donostian. Horren bitartez, euskal biztanleak haur errefuxiatu sahararrak udan harreran hartzera animatu nahi dira.

Badira 30 urte baino gehiago euskal familiek, udako hilabeteetan, haur sahararrak euren etxeetan jasotzen dituztela. 2019ko udan 289 neska eta mutil saharar etorri ziren Euskadira, eta, aurten ere beste horrenbeste etortzea nahi da. Horretarako, gutxienez, 100 familia gehiago beharko dira. Horretarako Oporrak Bakean programa antolatzen duten elkarte eta udaletxeek euskal gizartea kontzientziatu nahi izan dute, eta egiten duten lana ezagutarazteko helburu duen kanpaina berri hau abiarazi dute.

Zer da Oporrak Bakean?

Herri Sahararrak 40 urte baino gehiago daramatza errefuxiatu kanpamentuetan bizirauten, euren lurraldera itzuli ezinik. Kanpamentu horietan, 14 urtetik beherako 56.000 ume bizi dira, eta horietatik %30ek hazkunde gabeziak dituzte, klima gogorra eta elikadura baldintzen ondorioz. Hori dela eta, Oporrak Bakean programak 10 eta 12 urte bitarteko haur saharar errefuxiatuak udan, bi hilabetez, euskal familiekin bizi daitezen sustatzen du. Gurean egiten dituzten egonaldi horien helburuak hurrengoak dira:

  • Umeak basamortuko baldintza gogorretatik urruntzea da (gerizpean 55ºtara heltzen diren tenperaturak)
  • Hazten ari diren adin honetan lagunduko dituen elikadura egokia jasotzea
  • Azterketa medikuak egitea
  • Euskal kultura eta saharar kulturen arteko lotura sustatzea.

Ze baldintza bete behar dira programan parte hartzeko?

Edozein motako familia izan daiteke harrera familia: pertsona bakanak, elkarbizitza unitateak, seme-alabadunak zein seme-alabarik ez dutenak. Baldintzarik garrantzitsuena denbora eta gogoak izatea da, haurrari arreta eskaini ahal izateko, eta bizi eta lo egiteko tokia eskaini ahal izatea.

Oporrak Bakean 2020 Kanpaina

“Bidaia bat baino gehiago” izango da aurtengo kanpainaren leloa. Esaldi horrek oso modu egokian laburtzen du programan parte hartzen duten neska eta mutilen esperientzia, eta baita horiek hartzen dituzten harrera familiena ere.

Programaren informazio guztia euren webgunean jasota dago, hala nola egin dituzten ikus-entzunezko dokumentuak.

Halaber, haur saharar bat uda honetan harreran hartzeko interesa duten familia edo pertsonek dagokien elkarte edo udalarekin jar daitezke kontaktuan.