Eusko Jaurlaritzak eta Ministerioak aztertu dute Euskadik bere gain hartzea AHTaren Bilboko eta Gasteizko sarbideen obra-mandatua

0

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Jose Luis Abalos Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak bilera egin dute gaur arratsaldean Madrilen, euskal agendan egiteke dauden azpiegiturekin lotutako gaiei bultzada berri bat emateko. Gai horien artean dago, besteak beste, Euskal Y-aren garapena.

Bi administrazioek konpromisoa hartu dute mandatua zabaltzea aztertzeko. Akordioa lortuta, Eusko Jaurlaritzak Bilboko (Zaratamo-Abando zatia) eta Gasteizko (Arkauteko korapiloa) sarbideak egiteko aukera izango luke.

Lakuako gobernuak, gainera, bere lanak “garaiz eta eraz” betetzen jarraituko du, hartutako konpromisoei erantzuteko. 2023an, Gipuzkoako adar guztia, Donostiako geltokiak (datozen asteetan esleituko dira) eta Ezkio, osatuta egongo da.

Gainegituraren instalazioa ez atzeratzea Eusko Jaurlaritza kezkatzen zuen gaia zen, eta Adifek baieztatu du dagoeneko hasi dela gainegituraren proiektua idazten, eta ziurtatu du ez dela «bide kritikoa» izango.

Tapia sailburuak nabarmendu duenez, “gaurko bultzadak eskatzen du ahaleginak areagotzea atzerapen handiena dagoen lekuetan”. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa Gipuzkoatik haratago hedatzen da eta Bizkaia eta Araba hartzen ditu. Horretarako, eskura dauden bitarteko pertsonal eta tekniko guztiak gaitu ditu.

Bileran hartutako erabakien artean, honako hauek daude

BILBOKO GELTOKIA (ABANDO):

  • Bilborako sarbideari eta abiadura handiko geltokiari buruzko informazio-azterlana behin betiko onartzeko eta eraikuntza-proiektuak 2020ko martxoaren 31 baino lehen idazten hasteko konpromisoa.
  • Eusko Jaurlaritzaren aldeko mandatua handitzeko konpromisoa, eraikuntza-proiektua eta Bilbora sartzeko obrak egiteko (Zaratamo-Abando tartea).
  • Lurperatzea eta geltokia finantzatzeko hitzarmen bat ezartzeko konpromisoa

GASTEIZKO ESTAZIOA (DATO):

  • Gaur bertan bidali zaio Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari Gasteizko sarbideari eta lurperatzeari buruzko informazio-azterlana. 2020ko irailerako behin betiko onartuta egon beharko du. Eraikuntza-proiektuak paraleloki egiten hastea.
  • Eusko Jaurlaritzaren aldeko mandatua handitzeko konpromisoa, eraikuntza-proiektua eta Gasteizera sartzeko obrak egiteko (Arkauteko Korapiloa).
  • Lurperatzea eta geltokia finantzatzeko hitzarmen bat ezartzeko konpromisoa.

EZKIOKO ESTAZIOA: 2020ko martxoan proiektuari oniritzia emateko konpromisoa, ETSk obra lizitatu ahal izan dezan.

ASTIGARRAGA OIARTZUN LEZO TARTEA: 2020ko martxorako informazio-azterlana amaitzeko eta jendaurreko informazioari ekiteko konpromisoa, aldi berean ETSk eraikuntza-proiektua lizitatu ahal izan dezan.