BILBON ‘INTERNATIONAL FOOTBALL SUMMIT BIFS 2020’ ANTOLATU DA, HIRIAN JOKATUKO DEN EUROKOPA GAI NAGUSITZAT HARTUTA

0

“Hirien Eurokopa” lemapean, nazioarteko futbol-erreferenteak bildu dira San Mamesen, besteak beste, Ernesto Valverde, Fabio Capello, Lionel Scaloni, Robert Moreno, Roberto Martínez eta Adenor Tite.

  • BIFS 2020 nazioarteko topaketa bat da, azken hiru urteotan Bilbon egin izan dena, eta Europako hegoaldeko futbolaren kudeaketari eta profesionalizazioari buruzko ekitaldi nagusi bilakarazi nahi duena.

Bilbon International Football Summit BIFS 2020ren edizio berri bat izan da gaur, «Hirien Eurokopa» lemapean eta Xabier Ochandianok, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Merkataritzaren zinegotziak, parte hartu duena. Goizeko 9:00etatik aurrera, hamar bat hizlarik, guztiak ere nazioarteko futbolaren erreferente nagusiak, alde batetik Eurokopa 2020ren gertakaria eta, bestetik, kirol ekitaldi handien kudeaketarekin eta futbolaren profesionalizazioarekin loturik dauden beste alderdi batzuk aztertu dituzte.

Gaur goizean San Mamesen egindako hausnarketa honetan parte hartu duten hizlarietako batzuk honako hauek dira: Ernesto Valverde, Athletic Clubeko eta Fc Bartzelonako entrenatzaile ohia; Robert Moreno, AS Monacoko entrenatzaile ohia eta Espainiako hautatzaile ohia; Fabio Capello, Real Madrileko eta AC Milango entrenatzaile ohia, eta Errusiako eta Ingalaterrako selekzioen hautatzaile ohia; Gheroghe Popescu, Errumaniako futbol zuzendaritzako kidea; Roberto Martinez, Belgikako hautatzailea; Lionel Scaloni Argentinako hautatzailea eta Adenor Tite Brasilgo hautatzailea.

Duela hiru urtetik hona Bilbon egiten den topaketa hau nazioarteko gertakaria da, futbolaren kudeaketari eta profesionalizazioari buruz Europako hegoaldean ezaugarri horiek dituen topaketa nagusi gisa finkatu nahi duena.

BILBO, UEFA EUROKOPAREN HAMABI EGOITZETAKO BAT

Aurten, 2020. urtean, Eurokoparen 60. urteurrena ospatuko da. Ospakizun hau dela bide, eta zaleengana hurbiltzeko asmoz, lehiaketa Europako kontinenteko hainbat hiritan burutuko da, euren europar nortasunagatik elkartuta dauden hirietan alegia, baterako ikur bat nabarmenaraziz: hiriotako zubiak.

Guztira, 12 egoitza izendatu dira EUROKOPA 2020 egiteko –Amsterdam, Baku, Bilbo, Bukarest, Budapest, Kopenhagen, Dublin, Glasgow, Londres, Munich, Erroma eta San Petersburgo–, eta horrek bermatzen du inoizko Eurokoparik handiena izango dela. Aurreikuspenen arabera, ekitaldiak 5 bilioi ikusle izango ditu hainbat telebista-kateren bidez; gainera, 3.000.000 zalek baino gehiagok ikusi ahal izango dute ekitaldi handi hori zuzenean, horretarako beren-beregi izendaturik dauden 12 estadioetan.

EUROKOPAKO LAU PARTIDA JOKATUKO DIRA SAN MAMESEN

San Mames estadioan jokatuko diren partidak ekainaren 15ean, 20an, 24an eta 28an jokatuko dira. Horietatik lau, lehenengo hirurak, 15ekoak, 20koak eta 24koak, lehiaketako E taldekoak izango dira. Partida horiek Suediako, Poloniako eta Espainiako selekzioek jokatuko dituzte, eta bai Bosniak, Ipar Irlandak, Eslovakiak eta Irlandak jokatuko duten playoffean sailkatuko den selekzioak ere.

Laugarren partida hilaren 28an jokatuko da, eta final-zortzirenetako bat izango da, B multzoko txapeldunaren eta A, D, E edo F taldeetako hirugarren sailkatuetako baten artekoa.