Osasun Sailak eta Osakidetzak aurrera egin dute haurdunaldi, erditze eta puerperioaren asistentzia-prozesuaren segurtasunean

0
EITB

Amaren eta haur jaioberriaren osasun-arreta hobetzera bideratutako ekintzak zehaztu ahal izateko diziplina anitzeko lantaldeak sortzea sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute gaur Osasun Sailak eta Osakidetzak. Alde horretatik, Osakidetzak haurdunaldi, erditze eta puerperioaren asistentzia-prozesuko segurtasunerako protokoloak ditu, eta gorabehera eta gertaera txarrak minimizatzen laguntzen dute, Nekane Murga Osasuneko sailburuak gaur azaldu duenez.

Sailburua gaur goizean elkartu da Osakidetzaren protokoloak lantzen parte hartu duen lantaldearekin. Protokoloak bost dira guztira, eta horietako batzuk aitzindariak dira Estatuan, esate baterako, Jaioberrien arretaren segurtasuna. Horrez gainera, profesional sanitarioek beste lau dokumentu dituzte: Arrisku txikiko erditzearen arreta ospitalean, Puerperioaren arreta, Jaioberri osasuntsuaren arreta erditzean eta puerperioan eta Jaioberriaren elikadura.

Dokumentu horiek lantzen ESI guztietako Ama-haurren Arreta Zerbitzuetako profesionalek parte hartu dute: emaginek, ginekologoek, pediatrek, pediatriako erizainek eta asistentziaren arloko profesionalek, bai eta asistentziaren kudeaketako profesionalek ere.

Segurtasunaren kultura Osakidetzak pazientearen segurtasunerako abian jarritako estrategien bidez lantzen da Euskadin, eta horietan sartu da haurdunaldi, erditze eta puerperioaren asistentzia-prozesuaren segurtasunerako ekintza-lerro espezifikoa. Dena den, protokolo korporatibo horien bidez arlo horretan sakontzen jarraitu nahi da, honako helburu hauekin:

  • Praktika klinikoan aldakortasuna gutxitzea, jarraibideak sistematizatuta eta protokolizatuta.
  • Segurtasuna areagotzea amaren eta haur jaioberriaren osasun-arretarekin zerikusia duten gorabehera eta gertaera txarrak gutxitzeko.
  • Profesionalen arteko komunikazioa bermatzea eta sustatzea.
  • Emakumeek eta familiartekoek haurdunaldi, erditze eta puerperioaren segurtasun-prozesuan parte hartzea sustatzea.

Protokoloak profesional sanitarioei zuzenduta daude, hau da, Osakidetzako Ama-Haurren Arreta Zerbitzuetako emaginei, ginekologoei, pediatrei eta pediatriako erizainei, nahiz eta jarduteko protokoloen edukia eta informazioa eskuratu dezaketen, aurrez eskatuta, haurdun dauden emakumeek eta erditu berri direnek ere.

Gogoratu behar da ospitaleratze guztien % 9,4 eragiten dituztela erditzeek, eta ospitaleratzeen arrazoirik ohikoena direla. Protokolo horien bitartez, besteak beste, prozesuaren fisiologia sustatu nahi da, amari eta haur jaioberriari beharrezkoak ez diren esku-hartzeak egitea saihestu behar dela onartuta, hain zuzen ere, konplikaziorik izan ez dadin eta izan litezkeen gertaera txarrak minimiza daitezen.

Protokoloak esteka honetan kontsulta daitezke: https://www.euskadi.eus/informacion/embarazo-parto-y-posparto/web01-a3embar/es/