Azkuna Zentroak ‘Macho Man’ aurkezten du

0
Martxoaren 3tik 15era, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok, Bilboko Udalaren Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak, HeartBreak Hotel konpainiaren Macho Man aurkeztuko du Kulturen Atarian, Àlex Rigola dramaturgoaren azken proposamena.
Bilboko Udaleko Berdintasun Arloko zinegotzia den Nekane Alonsok, Azkuna Zentroko zuzendaria den Fernando Pérezek eta piezaren egilea den Àlex Rigola eszena-zuzendariak aurkeztu dute gaur goizean indarkeria matxistari aurre egiten dion antzerki-dokumentu instalazio hau, gaitz honen biktima potentzial guztiekiko enpatia bilatzen duena.

Macho Man-en dramaturgia kolektiboki garatu da, Ferran Dordalek, Alba Pujolek, Irene Vicente Salasek eta Àlex Rigolak berak osatutako taldearekin. Argi zuten zein izan behar zuen ikuspegiak: emakumeengan ardaztua, eta ez erasotzaileengan. Aretoetako batean, ikuslea genero-indarkeriaren biktimen argazkiz inguratuta dagoela, sortzen den inpaktu emozionalak argi azaltzen du erabaki hori: hor, dagoeneko ez dauden beste gorputz batzuen aurrean, enpatia berehalakoa da. Efektua desberdina izango zen borreroak erakutsiz gero.

Irekitako zauria argi erakutsi nahi zuten. Rigolak dioenez, «makurra den zerbait dago mota honetako  erasoekin lotutako albisteen metaketan. Guk guztiok, ikusle eta irakurle garen aldetik, datuak metatzen ditugu, eta, paradoxikoki, horren ondorioz, galdu egiten dugu orainaren eta errealitate ukigarriaren nozioa. Hortik dator ikusleak esperientzia ia sinestesiko batean murgiltzeko ideia, non irudiak, testuak eta audioak argi uzten baitute ezinbestez sentitu behar dugun hori».

Biktima baten ahotsak gidatuko ditu bisitariak 12 gelaz osatutako artefaktu dramaturgiko honen ibilbide labirintikoan. Artefaktua erabat beldurgarria da, erakusten digun guztia egia hutsa baita. Egiazkoak dira datuak, epaiak, adierazpenak eta egiten dizkigun galderak, eta egiazkoak dira, halaber, elkarrizketak eta kontatzen dizkigun kontakizunak.

Arteen bat-egitearen bidez beste narrazio modu batzuk proposatzen dituen proiektu hau aurrera ateratzeko, Àlex Rigolak dokumentazio zehatza burutzeko 10 hilabete behar izan zituen, baita Alba Alfageme psikologoaren aholkularitza ere.

Macho Man esperientzia eszeniko interaktiboa bidaia eszeniko, esperimental eta emozional bat da, bikotearen, familiaren eta lan-, gizarte- eta justizia-inguruneen indarkeria matxistari buruz kontzientziatu nahi duena: “Proiektu honekin, bide berriak bilatzen ditugu muturreko matxismoaz kontzientzia hartzeko, arte eszenikoetako, arte plastikoetako, psikologiako eta dokumentazioko jakintzak bateratuz. Ikusleak aktibatu nahi ditugu, dokumental, informazioko flyer edo erakusketak batek egingo lukeen horretatik harantz joz”, azaltzen du Àlex Rigolak, zuzendariak. Hala, 50 minutu inguruko ibilbide batean, sei laguneko taldeak, gehienez, topatzen dituzten objektuekin eta gainerako parte-hartzaileekin paseatuko, irakurriko, entzungo eta elkarreraginean arituko dira, Macho Man-en publikoaren erreakzioak esperientziaren parte bihurtzen baitira ere. Instalazioko areto bakoitzak bere izaera du, eta bere interakzio-mekanismo propioa ere, beti harkor egotera behartzen duena, irudiak, sentsazioak eta bizipenak batuz, osotasun bat osatuz, gaitz horretaz jabetzeko. Emozioak iraultzen dituen bidaia da, ikusleak hunkitzen dituena, “jendea uste genuena baino hunkituago ateratzen da”, dio Rigolak.

Hezkuntza irtenbide gisa
Macho Man hezkuntza-esperientzia ere bada, eta, horregatik, ikastetxeetara zabalduko da, elkarrizketa eta hausnarketa sortzeko asmoz. Izan ere, Rigolak dioenez, “indarkeria matxista gizarte-arazo larria da, desagertu egin behar dena, eta hori egiteko modurik onena hezkuntzaren bidez da. Indarkeria iraunkor eta instrumental horren datuak adierazgarriak dira. Izan ere, emakumeen heriotza-eragile bortitz nagusia da, eta emakumeentzako segurtasun-ezaren arrazoi nagusia”. Indarkeria matxistaren benetako testigantzak dituen instalazioa denez, pertsona batzuen sentsibilitatea mindu dezake eta horregatik ez da gomendagarria 15 urtetik beherakoentzat.