Donostiako Udalaren ordezkaritza bat Haitin izan da

0

Duñike Agirrezabalaga Lankidetza zinegotziak zuzendutako ordezkaritzak in situ ezagutu ditu enpresa proiektuen haztegi programa bati esker Haitin sortutako mikroenpresak. Programa hori ekintzailetzako ideiak dituzten bertako gazteei bideratu zaie, eta Donostia Sustapenak jarri zuen abian. Bidaia hori otsailaren 19tik 20ra bitartean egin da, eta ordezkaritzak bilerak egin ditu Nazioarteko Garapenerako Lankidetzako Espainiako Agentziarekin eta tokiko populazioarekin lanean dabiltzan elkarteekin, bertan lankidetza proiektu berriak sortzeko. Ordezkaritzan EAJko, Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek parte hartu dute.

Lankidetza zinegotziak, Duñike Agirrezabalagak, adierazi duenez, “egiaztatu ahal izan dugu Haitin egindako ezagutza transferentziaren ondorioz hainbat proiektu abian jarri direla eta irauteko aukera handia dutela. Gure esperientzia eman diegu ekintzailetza indartzeko tokiko ekosistema aktibatzeko motor gisa, eta hautatutako proiektuei laguntza eta aholkularitza ere eman diegu”.

Azken urteotan, Donostiako Udala, Donostia Sustapena udal sozietate publikoaren bidez, lankidetzan ari da hainbat programa eta proiektutan, garatze bidean dauden herrialdeetako hirietan eta lurraldeetan garapen ekonomiko jasangarria sustatzeko helburuarekin. Lankidetza programaren helburua, lurraldeei tokiko gaitasunak ematea da, eta enplegua eta aberastasuna sortzeko aukerak eratzea, biztanleen ongizatea bermatuko duten berdintasun sozialerako tresnen bitartez.

Haitiko Lehen Damak agurtuta

Donostiako ordezkaritzan, Duñike Agirrezabalaga Lankidetza zinegotziak, Aitzole Aranetak (Elkarrekin Podemos), Olaia Duartek (Bildu), Jaime Dominguez Macayak (EAJ) eta Donostiako Sustapeneko arduradunek parte hartu dute. Haitiko Lehen Damak, Martine Moïse, harrera egin zien, eta eskerrak eman zizkien tokiko hainbat startup-ekin abian jartzea ahalbidetu duen ezagutza-transferentziari. Lehen Dama haitiar artisauen Klere Ayiti Fundazioko presidentea da, eta kideetako bik, Marie Guerlande Balanek (moztutako burdina) eta Wanglish Michelek (berreskurapena, zeramika), Donostiako Gabonetako Merkatuan parte hartu zuten stadn batekin, non produktuak merkaturatu ahal izan zituzten.