EHUko errektoreak Uriarte sailburuari azaldu dio Unibertsitate Europarraren bere proiektua

0

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde lagun zuela, bilera izan gaur arratsaldez Bilbon Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearekin, Ikerbasque – Zientziarako Euskal Fundazioaren egoitzan. Bilerak balio izan du unibertsitate publikoko errektoreak Hezkuntza sailburuari Europako Unibertsitatearen proiektua helarazteko; proiektu horren helburua, funtsean, Europako testuinguruan ikasleen ahalduntzea bultzatzea da, Europako unibertsitateen sare edo aliantza estrategikoei esker. Bileran, errektorearekin batera Marta Barandiaran Nazioarteko Koordinazio eta Harremanetarako errektoreordeak eta Fernando Tapia Garapen Zientifiko eta Transferentziarako errektoreordeak ere parte hartu dute, EHUtik.

Europako Batzordeak, Europako Unibertsitateak deritzon ekimenaren barruan, nazioarteko aliantzak sortzea bultzatzen du, etorkizuneko unibertsitate bihur daitezen hauek. Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateek beren proiektuak aurkeztu dituzte dagoeneko, eta ekimen horren helburua da goi-mailako irakaskuntzako erakundeen arteko elkarte estrategikoak Europar Batasun osoan indartzea eta, aldi berean, Europako Unibertsitateak eratzea sustatzea. EB osoko unibertsitateek osatutako sareak dira hauek, eta kontinentean goi-mailako irakaskuntzaren kalitatea eta lehiakortasuna sustatzea ahalbidetuko dute. Beste zenbait proposamenen artean, unibertsitateko kolektibo guztientzako mugikortasun sistematikoa, elkartutako unibertsitateetan eginiko egonaldian aitortzak eta ikasketa osagarrien planak eskaintzen dituzte.

Enlight partzuergoa

EHU-k Europako bederatzi unibertsitatek osatzen duten Enlight partzuergoaren barruan aurkeztu du bere proiektua. Partzuergo hori, goi-mailako hezkuntza eraldatzearen bidez, bidezko bizi-kalitatea, iraunkortasuna eta konpromiso globala sustatzen dituen unibertsitateen sare gisa definitzen da. Enlight-en helburuen artean daude, beraz, honako hauek: ikasleen ahalduntzea bultzatzea, sozialki konprometitua dagoen herritartasuna lortzeko; lurraldeetako tokiko erakundeekin estuki lan egitea; eta testuinguru global baten barruan eredu iraunkorrak sustatzea.

Enlight partzuergoak tokiko ekosistema sozio-ekonomikoekin lankidetza estuan lan egingo du erronka anitzei aurre egiteko, eta bertako kideen aniztasun geografiko, kultural eta linguistikoaz elikatuko da, 11 hizkuntza ofizial ere badaude-eta eremu horretan. Euskal unibertsitate publikoarekin batera, Europako unibertsitate hauek osatzen dute Enlight partzuergoa: Bordeleko Unibertsitatea (Frantzia), Irlandako Unibertsitate Nazionala-Galway, Bratislavako Comenius (Eslovakia), Tartu (Estonia), Gante (Belgika), Göttingen (Saxonia Beherea, Alemania), Groningen (Herbehereak) eta Uppsala (Suedia).

Bileran, sailburua eta errektorea bat etorri dira EHUk Europako Unibertsitateak ekimenerako aurkezten duen proiektua proiektu desafiatzailea eta estrategikoa dela esatean, bereziki ikasleen prestakuntzari eta gaikuntzari dagokionez. Biek aukera gisa ulertzen dute ekimen hau, UPV/EHUri lankidetza akademikorako ematen dizkion aukera berriengatik, edo ikerketa, irakaskuntza zein transferentzia proiektatzeko eskaintzen dizkion abaguneengatik.

Unibertsitate publikoak parte hartzen duen Enlight proiektua bat dator Hezkuntza Sailak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bidez bultzatzen dituen politikekin. Izan ere, Euskal Unibertsitate Sistema nazioartekotzearen alde egitea Euskal Unibertsitate Sistemaren 2019-2022 Planaren ildo estrategikoetako bat da. Plan hori Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2019ko martxoan. Eusko Jaurlaritzak eta euskal unibertsitate guztiek uste dute erabakigarria dela unibertsitateen arteko lankidetza handiagoa bultzatzea Euskadiko gizarte-errealitateari estuki lotutako eremuetan: esparru akademikoan, ikerketa-eremuan edo unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanetan. Era berean, Europako ikasleen eta irakasleen mugikortasuna sustatzea ere lehentasunezko helburuetako bat da.

Gaurko bilera, Uriarte sailburuak Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateetako arduradun nagusiekin egiten ari den bilera-sortaren barruan kokatzen da. Gaur EHUko errektoretzarekin egingo duen bezala, otsailaren 14an Mondragon Unibertsitateko arduradunekin bildu zen, eta hurrengo egunetan berriz, Deustuko Unibertsitatekoekin egingo du hitzordua.