Eusko Jaurlaritzak arduraz, zuhurtziaz eta zentzuz jokatzeko deia egin du koronabirusak sortutako egoeraren aurrean

0

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan. Berarekin batera izan dira Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, zeinak aurkeztu dituen gaur onetsitako enplegurako laguntzak, eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernández, zeinak aurkeztu duen garapen Dekretua motibazio politikoak eragindako indarkeriazko testuinguru batean sortutako biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko.

Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluari jakinarazi dizkio koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko Saila hartzen ari den prebentzio-neurriak. Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez, Osasun Saila harremanetan dago Euskadirekin hegaldi zuzenak dituzten aireportuekin, eta, gaurtik bertatik, Euskadira iristen diren bidaiari guztiei jakinarazten ari zaie arnas gaixotasun baten berezko sintomak (eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa) sumatzen badituzte etxean egon behar dutela eta Osasun Kontseiluaren telefonoarekin harremanetan jarri behar dutela: 900 20 30. Gomendio horiek azken egunotan arrisku eremuetara bidaiatu duten herritarrei ematen zaizkien berberak dira, Txinako Hubei eskualdera kasu.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak dei egin die herritarrei arduraz eta zentzuz joka dezaten, eta arrisku-eremu horietara egiten diren joan-etorriak behar-beharrezkoak kasuetan soilik egin daitezen.

Osasun Sailak gogorarazi du, orain arte Euskadik ez duela erregistratu koronabirusen kasu bakar bat ere, eta, beraz, beharrezkoa dela lasaitasun-mezua helaraztea. Hala ere, Saila eta Osakidetza erne daude, jarduera-protokolo espezifiko bat dute prebenitzeko, detektatzeko eta, beharrezkoa bada, jarduteko.

Gainera, Gobernuko bozeramaileak jakinarazi duenez, gaur bertan, Madrilen, autonomia erkidego guztiek bilera bat egingo dute erabakiak hartzeko eta estrategiak koordinatzeko; bertan izango da Nekane Murga Osasun sailburua.

DEKRETUA “POLIZIEN ABUSUEN BIKTIMEI» ERREKONOZIMENDUA ETA ERREPARAZIOA EMATEKO

Bestalde, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernándezek jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du Dekretua, “polizien abusuen biktimak” deitutakoei errekonozimendua eta erreparazioa emateko prozedura garatzen duena. Dekretuak, besteak beste, zehaztu egiten du Balorazio Batzordearen jardunbidea, kontuan hartuta bere funtzioa dela aurkeztutako eskaerak baloratzea eta, dagokionean, biktima izatearen deklarazioa proposatzea eta, hala badagokio, baita erreparazioa emateko neurriak hartzea edo aurkeztutako eskaerei uko egitea ere.Une horretatik aurrera, Balorazio Batzordeari deia egin eta bere lanei ekingo die, Dekretu honetan ezartzen diren prozedura-aurreikuspenen arabera. Horrela, 12/2016 Legeak, giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoak, bere bideari jarraitzen dio, ezarritako lege- eta prozedura-ibilbidearen arabera.

TIG EUSKADI

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak aurka egin dio Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren errekerimenduari lau artikulu indargabetzeko. Hain zuzen ere, TIG zerbitzua ‒Turismo Ibilgailu Gidaridunen zerbitzua‒ arautzen duen euskal Dekretuaren artikuluak dira. “Errekerimendu hau gure araudiko 2, 3, 4 eta 5. artikuluen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtso baten aurkezpenaren aurretiazko pausoa da, kontuan hartuta artikulu horiek alderdi hauek jasotzen dituztela: zerbitzua hogeita hamar minutuko aurrerapenarekin aurre-kontratatzeko betebeharra, eta bezeroen bila zirkulatzeko, non dauden kokatuta ikus dadin aparkatuta egoteko, eta kontratatu aurretik ibilgailuak geolokalizatzeko debekua”, adierazi du.

Erkoreka sailburuak azpimarratu duenez, euskal araudia legezkoa, beharrezkoa eta proportzionatua da Euskadiko TIG zerbitzuari ezarri dizkion mugetan, eta Eusko Jaurlaritzaren helburua da hiri-garraioan dauden bi zerbitzu-moten artean oreka lortzea: taxi-zerbitzuarena eta TIG zerbitzuarena. “Euskadik konpetentzia osoa du gidaridun ibilgailuen errentamendu-baimenak emateko”, adierazi du. Horrekin lotuta, abenduan onetsitako euskal Dekretua aipatu du, Taxiaren eta TIGaren Mahaian garatutako lankidetzaren emaitzaz. “Indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintza guztiak betez landu dugu Dekretu hau, eta betiere gizartearen interes publikoa eta orokorra ziurtatuz”, gaineratu du.

ENPLEGUA BABESTEKO PROGRAMAK

Bere aldetik, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek ezagutzera eman duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin ditu Enpleguaren sorkuntza babestu eta bultzatuko duten programak, Lanbidek kudeatuko dituenak. Zehazki:

  • Batetik, 50 milioi euro baino gehiago bideratzen dira desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzekoenplegu-zentro espezializatuen bitartez; eta, bestetik, 6 milioi euro baino gehiago desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzeko, baita jarduera Profesionala babesteko unitateetarako.
  • Pertsona eta proiektu ekintzaileak babesteko laguntzen deialdiak egin dira; laguntza horiek, proiektu berrietarako laguntzak ez ezik, enpresa-jarduerak irmotzeko laguntzak ere jasotzen dituzte.
  • Auzolandegiak programa jarri da martxan, gazte boluntarioen eremuetakoak, non 200 gaztek parte hartu ahal izango duten Euskadiko hainbat lekutan, beste erkidego batzuetan, baita beste herrialde batzuetan ere.