Eusko Jaurlaritzak onartu du giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 legearen aplikazio-dekretua

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio 12/2016 Legearen —apirilaren 4ko 5/2019 Legearen bidez aldatua— IV. kapituluan araututako prozedura garatzen duen Dekretuari. Dekretuaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituen pertsonari biktima-izaera aitortzea.

Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusten den Dekretu horrek Balorazio Batzordearen jarduteko modua zehazten du. Batzorde horren funtzioa da aurkeztutako eskabideak baloratzea eta, hala badagokio, biktima-izaeraren deklarazioa proposatzea —baita bidezko erreparazio-neurriak proposatzea ere—, edo aurkeztutako eskabidea ukatzea.

Onartutako Dekretuak atal hauek ditu: azalpen-zatia, 13 artikulu eta azken xedapen bat.

Dekretuaren edukia

  • Aplikatzekoak diren bi aldi historikoetako bakoitzean giza eskubideen urraketen biktimak egon daitezkeen kasuen sailkapena: hildako biktimak, ezintasun maila desberdinetako lesio iraunkorrak edo baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrak dituzten biktimak eta, azkenik, tratu txar larrien eta lesio ez-iraunkorren biktimak ( 3 artikulua).
  • Balorazio Batzordearen jardunaren erregulazioa eta printzipioak. Balorazio Batzordearen funtzioa da aurkeztutako eskabideak baloratzea eta biktima-izaera deklaratzea edo izaera hori ukatzea. Ildo horretan, Dekretuak Balorazio Batzordeari dagozkion betebeharrak nabarmentzen ditu. Balorazio Batzordearen jardunak bermatu beharko du ez dela funtzio jurisdikzionala inbadituko. Balorazio Batzordeak baldin badaki kausa judizialak edo zehapen-prozedura administratiboak irekita daudela, prozeduraren tramitazioa eten beharko da ( 4 artikulua).
  • Konfidentzialtasuna eta datuen babesa. Balorazio Batzordeko kideek konfidentzialtasun-konpromisoa sinatuko dute espedienteak eskuratu aurretik, eta kargua utzi ondoren ere luzatuko da konpromiso hori ( 5 artikulua).
  • Balorazio Batzordeak instrukzio-fasean garatu ahal izango dituen jardunak, txosten tekniko batekin amaituko direnak (6. artikulua).
  • Administrazio-espedienteetan parte hartzen duten hirugarrenen eskubideen bermeak; eskubide horien artean sartzen dira, besteak beste, ohorerako, errugabetasun-presuntziorako eta datu pertsonalak babesteko eskubideak eta eskubide horiek babesteko hartuko diren neurriak. Nolanahi ere, haien berme juridikoetan eta konstituzionaletan eraginik ez dela sortzen bermatuko da (7. artikulua).
  • Balorazio Batzordeak egin beharreko elkarrizketen protokoloa ( 8 artikulua).
  • Erakundeen arteko lankidetzaren printzipioa. Agintariekin, organismoekin eta erakunde edo pertsona publiko edo pribatuekin izan beharreko harremanak erakundeen arteko lankidetzaren printzipioaren arabera garatuko dira, eta borondatezkoa izango da. (9. artikulua).
  • Balorazio Batzordea osatzen duten adituek idatzi beharreko txosten teknikoaren edukiak, txostena zer ataletan egituratzen den zehaztuta ( 10 artikulua).
  • Eskaera bakoitza ebazteko Balorazio Batzordeak egingo duen txosten arrazoituaren gutxieneko edukiak (11 artikulua).
  • Balorazio Batzordearen urteko txostenaren gutxieneko edukiak, txosten horretan emango da lanaren emaitzen berri ( 12 artikulua).
  • Lortutako emaitzen berri modu globalean emango duen azken txostenaren edukiak; txosten horretan gomendioak ere adieraziko dira ( 13 artikulua).

Hemendik aurrera, Balorazio Batzordea deituko da eta lanei ekingo die, Dekretu honetan ezarritako prozeduraren arabera. Horrela, giza eskubideen urraketen biktimen errekonozimendurako eta baloraziorako 12/2016 Legeak bere bidea jarraitzen du, ezarritako legezko eta prozedurazko ibilbidearekin bat etorriz.