Cybasque zibersegurtasuneko euskal enpresen elkartea sortu da

0

Euskadik enpresa-elkarte berri bat du zibersegurtasunaren arloan, Cybasque izenekoa. Elkarte horrek, hasieran, hamar enpresa biltzen ditu, eta euskal ekosistema nazioarteko erreferentziazko hub gisa kokatzeko erronkarekin sortu da. Helburu nagusia du euskal industriaren beharrei eraginkortasunez erantzuteko enpresen ahalmena batzea.

Berria San Frantziskoko RSA Conference-ren esparruan iragarri da, zehazki, Basque Cibersecurity Centre (BCSC) erakundeak antolatutako jardunaldi sektorialean, sektoreko nazioarteko 250 profesionalen eta Euskadiko enpresen eta instituzioen aurrean.

Arantxa Tapia sailburua izan da jardunaldiaren buru. Enpresen ekimena txalotu du eta nabarmendu du Cybasque aliatu handia izan daitekeela Euskadi XXI. mendeko iraultza teknologiko eta industrialari aurre egiteko prestatutako herrialdea izan dadin laguntzeko.

Cybasqueren helburu nagusia da Euskadi nazioarteko erreferente bihurtzea zibersegurtasunean, zibersegurtasunaren aplikazioa industrian bultzatuta, eta herritarrak kontzientziatuta segurtasun fisikoa eta logikoa zein garrantzitsua den murgiltzen ari garen ekonomia digitalean.

Era berean, beste helburu batzuk hartzen ditu bere gain, hala nola:

  • Ordezkatzen dituen zibersegurtasun-industrien eta sektore osoaren sustapen teknikoa, komertziala eta ekonomikoa, Euskadiren garapenean eta aurrerapenean lagunduta.
  • Elkartekideen interesak kontrastatzea eta defendatzea teknologiaren, merkataritzaren eta enpresaren esparruetan, eta, baita ere, erakunde nazionalen eta nazioartekoen aurrean duten ordezkaritza onartzea eta haien interes profesionalak babestea.
  • Modu proaktiboan lankidetzan aritzea erakundeen, lurraldearen eta gizarte osoaren eraldaketa digitala eta ekonomia berria garatzen.

Ildo horretatik, Cybasquek bere egiten du zibersegurtasunaren garapena lurraldeko esparru pribatu guztietan bultzatzeko erronka, beste sektore batzuekiko lankidetza sustatuta eta produktu/zerbitzu, teknologia edo merkatu berrien garapena bultzatuta.

Enpresa konprometituak, GAIArekin lankidetzan

Cybasque elkartea Euskadin zibersegurtasunaren arloan lan egiten duten eragile pribatuek osatzen dute. Teknologian eta zerbitzuetan eskaintza egiten duten enpresak ditu buruan, eta prestakuntza-zentroen, berrikuntza- eta ikerketa-unitateen eta beste aliatu estrategiko batzuen laguntza du, hala nola eskariarena, elkarteena edo beste interes-talde batzuena.

GAIA klusterrarekin lankidetzan abiatu da, honako hauen konpromisoarekin eta hasierako bultzadarekin: Accenture, Grupo S21Sec Gestión; Integrated Technology Systems (ITS); LKS S. Coop; Sealpath Technologies; Panda Security; Globetesting Norte; Enigmedia; Versia Sistemas TI; eta Entelgy ibai.

Hala ere, orain, beste hamabost bat konpainiak agertu dute elkarte berriari etorkizunean atxikitzea aztertzeko interesa.

Xabier Mitxelena*, Cybasqueko presidentetza

Xabier Mitxelena ingeniari donostiar adituak eta zibersegurtasunean aitzindariak hartuko du bere gain elkarte honetako presidentetza. Gaur egun, Mitxelena Accenture-ko bazkide da, eta Iberian (Espainia, Portugal eta Israel) segurtasun-arloaren buru da. Dena den, ibilbide luzea egin du sektorean, besteak beste, Sayma Consulting-eko kide, ATEko CEO eta S21sec enpresaren sortzaile izan baita.

* Bere ibilbide profesionalaren erreferentzia erantsi da.

Think, work, be Industry 4.0: CyberSecurity y Basque Country

Bigarren urtez, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak (BCSC) jardunaldi sektorial bat antolatu du RSA Conference-ren testuinguruan, eta arlo horretako munduko herrialde nagusietako 250 ordezkari baino gehiago bertaratu dira, bereziki Ipar Amerikako eragileak.

Bertan izan dira Euskadiko instituzio eta enpresen ordezkariak, Tapia sailburuaz gainera, eta Estibaliz Hernáez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea; Alex Arriola SPRI taldeko zuzendari nagusia; eta Javier Diéguez Zibersegurtasuneko Euskal Zentroko zuzendaria, jardunaldiaren sustatzaile eta gidaria.

Ordezkaritza pribatuaren aldetik, 17 euskal enpresa izan dira, 15 zibersegurtasunekoak eta 2 beste sektore batzuetakoak, Ikerlan eta Tecnalia zentro teknologikoez gain —Basque Research and Technology Aliance-BRTA erakundeko kideak—.

Zibersegurtasuneko euskal enpresa hauek hartu dute parte jardunaldian: S21sec, Entelgy Innotec, Versia, Barbara IoT, Wise Security Global, Osane Consulting, Hdiv Security, Panda Security, Redborder, CounterCraft, RKL Integral, OpenCloud Factory, Ironchip eta GlobalCybcar. Gainera, BRTAko kide Ikerlan eta Tecnalia zentro teknologikoak ere izan dira bertan. Horien guztien artean, gainera, Bwtech@UMBC (University of Maryland, Baltimore County) erakundeak antolatutako International Pitch Competition lehiaketan parte hartu dute Ironchip eta Globalcybcar enpresek. Iaz, Enigmedia euskal enpresak hirugarren saria lortu zuen Israel, Suedia eta Australiako aurkarien aurrean, besteak beste. Beste euskal enpresa bat ere, Alias Robotics, iritsi zen finalera.

Euskal zibersegurtasunaren kokapena RSA Conference-n

Hain zuzen, BCSCk RSA Conference aprobetxatuz antolatu du jardunaldi hau, urtero San Frantziskon (Estatu Batuak) egiten den zibersegurtasuneko ekitaldi garrantzitsuena. Aurreko urtean izandako arrakastaren ondoren, Asiako (Japonia, Taiwan, Qatar eta Israel), Ipar Amerikako (AEB eta Mexiko) eta Europako parte-hartzaileak izan zituen.

Ekitaldia “Cybersecurity – Priority in Industy” sarrerako panelarekin hasi da, Patrick Miller (Archer Security-ko azpiegitura eta segurtasun industrialeko aholkularia) moderatzaile duela. Bertan parte-hartzaile izan dira Arantxa Tapia, Lisa Carrington (Arizonako Administrazio Publikoko IT Planning & Governanza-ko zuzendaria) eta Del Rodillas (ICS/OT Industries Product Marketing-eko zuzendaria Palo Alto Networks-en).

Hurrengo panela CounterCraften kasu arrakastatsuei buruzkoa izan da eta “Basque cyber bridge to the US” izenburua du. Gorka Sadowski (Gartner Group-eko azpiegituretarako Ciber-eko ikerketa-zuzendaria) izan da moderatzailea. Narratzaileak, berriz, hauek izan dira: Daniel Brettek (CSO eta sortzailea) eta Toby Weir-Jones (Bayshore Networks, Chief Producto Officer) eta Roberto Velasco (Hdiv Security-ko CEOa).

Panel horren ondoren, RKL Integral, OpenCloud Factory, Ironchip eta EuroCybcar etorri dira, profil teknologiko disruptiboa duten enpresak baitira, euskal zibersegurtasunaren ekosistemak duen potentzialaren adibide.

Euskadi, zibersegurtasuneko ekintzailetzaren buru

Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak eta bere estrategiak, zibersegurtasunaren euskal merkatua nazioartean ikusgai jartzera bideratuta, bere fruituak ematen jarraitzen dute. Hala erakutsi zen joan den urtearen hasiera aldean, da Javier Diéguez, zentroko zuzendaria, 2. lantaldeko zuzendarikide izendatu zuenean ECSO Europako erakundeak. Izendapen horri esker, Euskadik nazioartean garrantzia irabazi zuen, inbertsioa erakartzeko interesgune gisa kokatzeari begira, eta, horrela, sektore horrekin lotutako enpresak ezartzeko eskualde aproposa dela eta industria-ekosistema indartsuak aukera berriak sortzen laguntzen duela frogatzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako beste ekimen batzuk nabarmendu behar dira, hala nola BIND 4.0 programaren laugarren edizioa abiaraztea, nazioarteko erreferentziazko startupek eta enpresek bultzatutako proiektu teknologiko berriak garatzera bideratutako programa bat, edo Basque Digital Innovation Hub erakundearen zibersegurtasun-nodoa hedatzea, BCSCren eskutik —Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideekin lankidetzan—, edo Zibersegurtasun Industrialerako Laguntzen Programa sortzea, 207 enpresa industrialen jarduera milioi bat euro baino gehiagorekin finantzatu zuena.

 

*Xabier Mitxelena

Xabierrek ibilbide profesional luzea du espiritu ekintzailearekin. Sayma Consulting-eko kalitate-aholkulari hasi zen, eta Bull-eko parte izan zen Espainiako iparralderako Canal Indirecto-ko kudeatzaile gisa. Aldi horren ondoren, ATE Informática zuzendu zuen, enpresa txikien digitalizazio-prozesuan buru izateko. ATEko CEO eta bazkide izanik, ATE Internet eta ATE Consulting sortu zituen 1995ean.

S21sec-eko Administrazio Kontseiluko sortzaile eta kide, eta CEO ohia, bere lana zibersegurtasunaren industriaren barruan enpresaren lidergoan, kudeaketan eta ordezkaritzan zentratu da, berrikuntzaren eta talentua sortzearen aldeko apustu irmoarekin. Konpainiaren garapenean oso parte aktiboa izan da, eta S21sec zibersegurtasunean erreferentziazko konpainia global gisa finkatu du. S21sec-en muina umiltasunez, gogo biziz eta berrikuntzarekin eraikitzen da, balio horiek bezeroengan berretsita.

2017ko abendutik, Xabier Accenture-ko bazkide da, eta Iberian (Espainia, Portugal eta Israel) segurtasun-arloaren buru da, bere lehen urrats profesionalak hasi zitueneko ilusio berarekin.

Beti harro bere jaioterri Donostiaz, eta bere futbol-talde kutunaz, Realaz, Xabier Antolaketako Industria Ingeniaria da Nafarroako Unibertsitatean, eta MBA bat du Deustuko Unibertsitateko Marketin eta Enpresa Administrazioan.