Bizkaibusek bikoiztu egingo ditu Gaztelugatxerako zerbitzu bereziak Aste Santuan eta zubietan

0

Bizkaiko Foru Aldundiak garraio publikoa bermatu nahi du San Jose eguneko zubian, Aste Santuan eta Maiatzaren Bateko zubian Gaztelugatxera doazen bisitariei. Horretarako, bikoiztu egingo ditu A3524 Bermeo – Bakio lineak aurreko urteetan eman izan dituen zerbitzu bereziak.

Hala jakinarazi du Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak, gaur goizean, Gernikako Batzar Exean egin den osoko bilkuran, EH Bildu batzarkide-taldeak egindako galdera bati erantzun dionean.

Data hauek ezarri dira: martxoaren 19tik 22ra (San Jose eguneko zubia); apirilaren 4tik 19ra (Aste Santua), eta maiatzaren 1etik 3ra (Maiatzaren 1eko zubia).

Egun horietan, 30 minuturik behin emango dira Bizkaibusen zerbitzuak, Bakiotik eta Bermeotik, aldi berean, 9:00etatik 20:00etara. Hau da, 30 minuturik behin bi bizkaibus abiatuko dira: bata, Bermeotik, eta bestea, Bakiotik. Gaztelugatxen jarritako geralekuraino joango dira. Geraleku hori leku seguruagoan dago orain, eta dartsena, markesina, eta espaloiak ditu. Gutxi gorabehera, eta laurdenean eta laurden gutxiagotan (: 15’ eta : 45’) iritsiko dira autobusak.

Gomez Viarrek azaldu duenez, hala, bikoiztu egingo dira Bizkaibusek orain arte Aste Santuan eta beste zubi batzuetan eman izan dituen zerbitzu bereziak. Aurreko urteetan, zerbitzua autobus bakarrak ematen zuen, Bermeo eta Bakio arteko ibilbidea osorik eginda, ordurik behin. Diputatuak erantsi du zerbitzu gehiago eskaintzeko erabakiaren helburua dela garraio publikoan mugitzeko aukera ematea, eta Gaztelugatxen dabilen trafikoa eta aparkatutako ibilgailuen kopurua murriztea.

Operatibo honek bermatzen du egunean 3.000 erabiltzaile baino gehiago mugitzea.

Bizkaiko Foru Aldundiko beste sail batzuek Gaztelugatxeren erabilera turistikoa ingurunea babestearekin bateragarri egiteko hartu dituzten neurriei gehitu behar zaie ekimen hau.