Koronabirusari aurre egiteko sailarteko mahaia eratuko du Eusko Jaurlaritzak

0

COVID 19 izeneko koronabirusaren aurrean, Euskadin hartzen ari diren prebentzio neurri zein ekintzen berri eman du gaur Osasun Sailak. Horrez gain, Nekane Murga sailburuak aurreratu duenez, sailen arteko mahai bat eratuko da bihar Eusko Jaurlaritzaren baitan, jarduera-arloak koordinatzeko. Bertan, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak, Segurtasuna, Hezkuntza, eta Merkataritza eta Turismo sailak egongo dira ordezkatuta. Biharko bileran Iñigo Urkullu lehendakaria izango da buru.

Osasuneko sailburuak atzo bertan hartu zuen parte koronabirusaren inguruan Madrilen burututako Lurraldearteko Osasun Kontseiluaren bileran. Biharamunean ere, lasaitasun eta konfidantza mezua helarazi nahi izan die euskal herritarrei. Euskadin ez da koronabirus kasu bakar bat ere egiaztatu, baina litekeena da datozen egun edo astetan gertatzea, eta horregatik «gure osasun-sistemak erne jarraitzen du, prebenitu, detektatu eta, behar izanez gero, ekiteko», adierazi du. Izan ere, sailburuak berak berretsi duenez, Osakidetza «zorrotz» ari da artatzen kasu susmagarri oro; orain arte, 13, guztira (11, negatibo, eta beste biak, ikertzen)   .

Era berean, herritarrek eskura duten informazioa indartu egin da; bai ohiko bideen bitartez, halanola osasun-zentroak eta ospitaleak, eta Osasun Aholkua, bai Osasun Sailaren webgunearen bidez (www.euskadi.eus) eta Osakidetzaren webgunea medio (www.osakidetza.euskadi.eus). Gomendio nagusia honako hau da: orain dela gutxi arrisku eremu batera bidaiatu eta arnas infekzio-sintomak (eztula edo eztarriko mina, kasu) nabaritzen dituzten pertsonek etxean geratu behar dute, eta Osakidetzako Osasun Kontseiluaren telefonora deitu (900 20 30 50).

Prebentzioari, detekzioari eta jardunari ekiteko, Euskadik badu berariazko protokolo bat, komunitate zientifikoaren gomendioen arabera eguneratzen dena. Era berean, Osakidetzako profesionalei prestakuntza eman zaie, zehazki Prebentzio, Epidemiologia eta Larrialdietako unitateei, aurki  Lehen Mailako Arretako profesionaletara zabalduko dena.

Euskadi izan da, halaber, analisiak bere laborategietan egin ahal izateko teknika garatu duen lehen autonomia-erkidegoa. «Aurrerapen garrantzitsua» da berau, lehen emaitzak sei orduren buruan lortzeko aukera eskaintzen duelako, emaitzok baieztatuko dituen bigarren analisi bat egitea beharrezkoa bada ere.

BIDAIATZEKO MUGARIK EZ

Osasun Saileko Zaintza eta Txertaketa arduraduna den Jose Maria Arteagoitiak prentsaurrekoan jakinarazi duenez, gaixotasuna kutsatzeko arriskutzat jotzen diren eremuak zabaldu egin dira, ondorengo hauek izanik: Txina, Hego Korea, Japonia, Singapur, Iran eta Italia (Lonbardia, Veneto, Emilia-Romaña eta Piamonte eskualdeak).

Era berean, Gaixotasun Infekziosoen Aholku Batzordeko presidentea den Enrique Peirók gogorarazi du gaur egun ez dagoela bidaiatzeko inolako murrizketarik ezarrita; beharrezkoa da, ordea, «zuhurtziaz eta zentzuz» jokatzea, leku horietara joan gabe, behar-beharrezkoak ez bada behintzat.

PREBENTZIO-NEURRIAK

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute neurri erraz batzuk hartzea lagungarria izan daitekeela balizko kutsadura prebenitzeko:

– Eskuak garbitu ura eta xaboiarekin.

– Eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ondo estali ukondoarekin edo zapi batekin.

– Ahal dela, erabili eta botatzeko zapiak erabili, mukiak kendu orduko botatzeko.