Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzen % 63k onartu dituzte 2018-2022 aldirako dagozkien euskara-planak

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomiadunetako 103 zuzendaritzak beren euskara-planak onartu dituzte, 2018ko otsailean Eusko Jaurlaritzak ‘Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana VI. Plangintzaldirako (2018-2022)’ onartu zuenetik. Horrela, hizkuntza-plangintzaren VI. aldia amaitzeko bi urte baino gehiago falta direnean, zuzendaritzen % 63k eta erakunde autonomoen % 70,8k euskara beren funtzionamenduan normalizatzeko beren ibilbide-orriak onartu dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren ‘Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plangintzaldiaren’ nobedadeetako bat izan da, hain zuzen ere, euskara planak zuzendaritza mailakoak izatea, eta ez sail edo erakunde mailakoak bakarrik, orain arte bezala. Hala, Plan Nagusiak ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako sailek eta haien erakunde autonomoek  5 urterako plan estrategikoak onartuko dituzte, eta zuzendaritza edota lurralde-ordezkaritza mailako hainbat kudeaketa- edo ekintza-plan. Horrela, dagokion plan estrategikoaz gain, zuzendaritza eta  lurralde-ordezkaritza bakoitzak urteko kudeaketa-planak egin beharko ditu, urtero berrituko direnak.

Planak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta haren erakunde autonomoei eragiten diela kontuan hartuta, 161 zuzendaritzak garatu behar dituzte beren kudeaketa-planak 2018-2022 epealdian; horietan 7.424 langilek lan egiten dute. Gaur egun, euskara-planak egin diren Eusko Jaurlaritzako 103 zuzendaritzetan 3.358 pertsonak egiten dute lan. Beraz, esan daiteke langile horiek guztiak euskararen erabilerako plan baten eraginpean daudela. Gogoratu, bestetik, zuzendaritza kopuru horren barnean lurralde ordezkaritzak eta zuzendariordetzak ere badaudela, euren tamaina edota kokapena kontuan hartuta, urteko kudeaketa-plan berezitua behar dutenak.

Eusko Jaurlaritzaren Euskararen erabilera normalizatzeko VI. Plangintzaldiak gogoratzen duenez, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Legearen 14. artikuluak Administrazio Publikoan bi jarduera-eremu ezartzen ditu: batetik, Administrazioko langileak euskalduntzeko neurriak, eta, bestetik, Administrazioko lanpostuak betetzeko kontuan hartu beharreko hizkuntza-araubidea.

Indarrean dagoen Plangintzaldiak gogoratzen duenez, une honetan Eusko Jaurlaritzako eta haren erakunde autonomoetako langileen hizkuntza gaitasuna oso azpimarragarria da: %70,72k hizkuntza-eskakizunen bat du egiaztatua, eta horri esker, euskara lan-hizkuntza izan daiteke Administrazioan. Horregatik, Plangintza honen helburuetako bat euskal herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea da, euskara ohiko lan-hizkuntza bilakatuz eta Administrazioan bi hizkuntzen berdintasunerantz aurrera eginez.