Arantxa Tapiak amaiera eman dio Estatu Batuetara egindako bidaiari, Bioosasunean zentratutako saio batekin – espezializazio adimenduneko esparrua Euskadin

0

Arantxa Tapia sailburuaren instituzio- eta enpresa-bidaiaren azken txanpa BIOren eta osasunaren eremuan zentratu da, eta jardunaldia Boston inguruan egin du. Hain zuzen, bertan biltzen da munduko erreferentziazko ekosistema nagusia sektoreko ikerkuntzan eta ekoizpenean.

Adierazi behar da, aldez aurretik, ordezkaritza instituzionalak San Frantziskon topaketa bat izan duela Grifols multinazionalaren egoitzan, eta Emeryville-ko campusean garatzen diren haren lan-esparruek jarraipena ematen dietela Progenika euskal bioteknologia-enpresak abiarazi zituen diziplinetako batzuei. Progenika Bizkaiko Zientzia eta Teknologi Parkean sortu zen, eta 2013an eskuratu zuen Grifols handiak.

Eusko Jaurlaritzak BIO esparrua eta Osasuna lehentasunezko esparruetakotzat mantentzen ditu Espezializazio Adimenduneko Estrategian, Fabrikazio Aurreratuarekin eta Energiarekin batera.

EAEk ekosistema biosanitario bat du, 150 enpresak, nazioartean aintzatetsitako 20 ikerketa-zentrok eta unibertsitatek, eta lehen mailako arretarako asistentzia, ikerketa eta integraziorako 6 ospitalek osatua.

Birus ezezagunen kasuen aurrean nola erantzun ikertzen ari dira San Frantzisko eta Euskadiren artean.

Emeryvill-eko (San Frantzisko) Grifols dibisioak HIESaren eta C hepatitisaren birusa sekuentziatzea lortu zuen lehen aldiz, eta gaur egun munduko HIESaren eta C hepatitisaren diagnostiko-test gehienak fabrikatzen ditu. Beste arrazoi batzuen artean, osasunaren arloko produktu aurreratuen ikerketan eta produkzioan erreferentzia handieneko multinazional farmazeutikoetako bat da.

Euskal ordezkaritzak Grifols SFn egindako bileran, zuzendaritza-taldeak (I+G arloko arduradunak) jakinarazi zuen konpainia apustu bat egiten ari dela ikerketarako baliabideak kontzentratzeko eta erantzunak lortzeko birusen mehatxuaren aurrean (besteak beste, Zika birusa eta hepatitisaren hedapena).

San Frantziskoko Grifols unitateak eutsi egiten dio Progenika euskal enpresak 2000. urtean hasitako ikerketa-ildoari. Gaur egun, Progenika-k Biopharma-Grifols markaren pean egiten du lan, eta Derion du egoitza, 80 profesional jardunean dituela.

Terapia genikoa eta zelularra indartzeko inbertsioa erakartzea

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean instalatutako Viralgen enpresak duela gutxi egindako apustuari esker, Euskal Autonomia Erkidegoak kokagune horretan kontzentratu ahal izango du terapia genikoaren Europako zentro nagusia. Era berean, ingurune berak beste eragile eta aktibo batzuk biltzen ditu osasunaren esparruan. Horri esker, Miramon erreferentziazko polo bihurtu da nazioartean BIO esparruan eta osasunaren esparruan.

Ildo horretatik, Arantxa Tapia sailburuak Bostongo Bioosasun ekosistemako erreferentziazko hiru eragileri bisita egin die. Horiek, era berean, Columbus funts amerikarrari lotuta daude (Donostiako Viralgen proiektuaren inbertitzaileari).

Helburua izan da Bostongo ekosistemaren ezaugarriak eta funtzionamendua ezagutzea, eta arlo horretan espezializatutako eragile inbertitzaileekin harremanetan jartzea, etorkizunean EAEko ekosistemarekin bat egitea ahalbidetuko duten inbertsioak eta proiektuak erakartzeko eta erreferente amerikar horren ezaugarriak eta funtzionamendua ezagutzeko.

Bilerak egin dira ElevateBio-ko David Backer-ekin (Senior Vice President, Commercial Development), ikertzaileen lankidetzaren bidez. Terapia zelularreko eta terapia genikoko zerbitzuen portfolioa duten enpresen holding bat da ElevateBio.

Boston Pharmaceuticalseko CEOa eta kontseilukidea da Rob Armstrong.  20 urtetik gorako esperientzia du farmazia-industriako I+G arloan, eta gaixotasun askoren aurkikuntzan eta garapen klinikoan inplikatuta egon da. Sektore biomedikoko aditu profesionalen talde batek osatutako enpresa horrek gaitasun terapeutikoa duten molekulak eskuratu eta ospitaleko merkatuan sartzen ditu.

Michael Gilman goi-mailako zientzialaria da, eta oso ondo ezagutzen ditu Estatu Batuetako arrisku kapitalaren eta bioteknologia-ekosistemaren mundua. Novartis Venture Fund-en Advisory Board-en dago, eta Arrakis Therapeutics-en sortzailea da —molekula txikietako sendagaien aurkikuntzan aitzindari izan den enpresa biofarmazeutikoa—.Columbus-eko (Viralgen-eko inbertsorea) inbertsio-batzordeko kidea da, eta biozientzien euskal ekosistema ezagutzen du.