Gripearen eraginak beheranzko joera berretsi du

0

EAEN gripearen eraginak beheranzko joerarekin jarraitzen du, azken astean jasotako datuetatik ondorioztatzen denez. Gripearen eragina 171,6 kasukoa izan da 100.000 biztanleko, aurreko hilekoaren erdia. Orduan, 359,2 kasu erregistratu ziren 100.000 biztanleko, baina  52,6 kasutan ezarrita dagoen atalase epidemikoaren gainetik dago oraindik. Asistentzia-eskaerak ere behera egiten jarraitzen du. Horren erakusgarri da azken aste honetan gripe-sindromeagatik 1.565 kontsulta erregistratu izana EAEko lehen mailako arretako zentroetan, aurreko asteko 2.445 kontsulten aldean.

Hala ondorioztatzen da Osakidetzako eta Osasun Saileko Zaintza Epidemiologikoko Sarearen (Mediku Jagoleak) azken txostenean. Horretan, otsailaren 17tik 23ra bitarteko aldia aztertu da. Aipatutako txostenak nabarmentzen du denboraldi honetan, orain arte, gripe egiaztatuko 1.225 ospitalizazio-kasu jakinarazi direla, eta horietatik 305ek larritasun-irizpideak betetzen dituztela. Gainera, denbora honetan guztian 40 pertsona hil dira gripearen ondorioz sortutako konplikazioengatik. Ia guztiak 65 urtetik gorakoak ziren edo arrisku-faktoreak zituzten.

Gogoan izan behar da iaz 1.662 pertsona ospitalizatu erregistratu zituztela gripea zutela baieztatuta, eta horietatik 435 larri egon zirela. Gainera, 79 lagun hil ziren.

Joan den denboraldian, eragin handieneko unea 2019ko hirugarren astea izan zen. Orduan, 100.000 biztanleko 532,5 kasuko eragin-tasa izan zen.