Hilaren 20tik aurrera Zaldibareko zabortegiko lixibatu ia guztiak biltzen dira

0

Otsailaren 20tik egunetik arratsaldera ia lixibatu guztiak biltzen ari dira eta kolektorera xurgagailuen bidez eramaten ari dira. Ziurrenik, hortaz, Aixolako errekan erregistratutako afekzioa murriztu egingo da.

Otsailaren 19ra arte bildutako analisien emaitzen arabera (lixibatuari eutsi aurretik), egiaztatu da zabortegiko lixibatuak Beko-Aixola errekastoan soilik eragin duela, 330 metroko luzera duen tarte batean, zabortegiaren eta Egorekin bat egiten duen lekuaren artean. 

Emaitzen arabera, zabortegiaren inguruko ibilguetan aztertutako 100 parametro baino gehiagotatik, amonioak, OEB5-ek eta OEK-k soilik gainditzen dituzte ezarritako mugak, Beko-Aixola errekan eta Ego ibaian.

Uraren Euskal Agentziak egunero ematen dituen egoera-txostenetan jasotzen den bezala, Beko-Aixola errekastoan, zabortegitik behera, parametro horiek gainditzearen jatorria zabortegiaren lixibatua da. Baina Egoko gainditzeek ez dute lotura zuzenik Aixola errekarekin, baizik eta kolektore nagusiarekin lotzeko dauden hiriko hondakin-uren isurketarekin baizik. Kontu hori berresteko, hilaren 20tik aurrera, Egon, Aixola errekarekin bat egiten aurretik,    ibaian gora, amonio eta OEK gainditzeak ere erregistratu dira.

Ego ibaia benetako puntu beltza izan da iraganean uren egoeraren ikuspuntutik, Euskal Herriko ur masen kontrol sareen datuen arabera. Azken urteotan, dagoeneko abian jarritako saneamendu-jarduketei esker, pixkanaka hobera egiten ari da, baina, egia esan, Ego ibaian amonio OEB5 eta OEKren ingurumen-kalitateko arauak gainditzen jarraitzen da. Gogoratu behar da arro honetako saneamendu-jarduketak—egoera ekologikoa hobetzeko funtsezkoak direnak— oraindik ez direla amaitu. Ego ibaiaren egoerari eta haren egoera ekologikoari buruzko datuak ditu URAk 1993az geroztik. Datu horiek urteko txostenetan jasotzen dira, eta web orrian daude eskuragarri.

Zabortegitik gertu dauden erreken egoerari buruzko diagnostikoa Beko errekaren (edo Aixola errekaren) eta Ego ibaiaren eguneroko kontroletan egiaztatzen da. Otsailaren 7an hasi ziren kontrol horiek, luiziaren ondoren, egoeraren arazoei eta arriskuei heltzeko administrazio eskudunen arteko koordinazio-bileretan zehaztutako Uren Zaintza Planak xedarritutakoari jarrituz

Lixibiatuen bilketa

Zaldibarko zabortegiak lixibatu horiek biltzeko sistema bat zuen, legediak ezartzen duen moduan. Sistema horren bidez, lixibatuak bildu eta eskualdeko kolektorera bideratzen ziren, ingurumen-baimen integratuaren baldintzetan ezarritakoaren arabera. Baina erortzeak azpiegitura horri eragin zion; hartara, lixibatuen emari hori Beko-Aixola errekara iritsi zen zuzenean.

Errekara iritsi zen zabortegiko lixibatuaren emaria oso txikia izan da beti inguruko azaleko ibilguen emariarekin alderatuta, eta 3 l/s-tik beherako balioak izan ditu beti, bai eta 1 l/s-tik beherako emariak ere.

URA lixibatuen irteerari jarraipena egin dio, eta otsailaren 20tik aurrera lixibatuen bilketa abiarazi du, errakara isuri ez daitezen: Aixola errekan eraginik izan ez dezaten. Lixibiatuak atxiki eta jaso dira kamioi xurgatzaileen bidez, saneamendu-sarera eramateko eta eskualdeko HUAn tratatzeko. Gaur egungo baldintzetan lixibatu ia guztia biltzen ari da: orain arte, 520 m3 lixibiatu inguru hustu dira.

Jarduketa horrek Aixola errekara egiten den isurketaren zati handi bat kentzea lortu du, eta behar den denboran mantenduko da, ezar daitezkeen aldaketa eta hobekuntzekin, lixibatu guztiak eskualdeko saneamendura bideratzeko behin betiko konponbidea eman arte, otsailaren 6ko zabortegia irristatu aurretik egiten ari zen bezala.

Ziurrenik, analisi berrien zain bada ere, aurreikusten da Beko-Aixola errekan denbora errealean ezarritako erregistroen emaitzek afekzioa (otsailaren20tik aurrera) pixkanaka murrizten ari dela erakustea.

Nolanahi ere, URAk egunero ikuskapenak egiten jarraitzen du lixibatuen isurketa-puntu berriak identifikatzeko, eta jarduketak proposatzen ditu lixibatuak ibaietara ez iristeko.