Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Val eta Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estibaliz Canto –erakunde biak Artium-Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoaren babesle direlarik– artearen munduarekiko hitzordu saihestezin den Madrilgo Nazioarteko Arte Garaikidearen Feria bisitatu dute gaur goizean.
‘Es sólo cuestión de tiempo’ izenburupean, 2020ko ARCO feriak 30 herrialdetako 209 galeria biltzen ditu, eta ia 2.000 artisten lana erakusten du, tartean abangoardia historikoak, klasiko garaikideak eta gaur egungo artea.
Ordezkari politiko biek zenbait artista eta galeria-arduradunekin hitz egiteko aukera izan dute, bai eta arte lan sortu berri ugari ikusteko ere.
Ana del Valen aburuz, “Arco Espainiako ekimen garrantzisuena da alorrean, eta munduko garrantzitsuenetako bat, arte garaikidearen nondik norakoak ezagutzeko erreferentzia, eta, horrenbestez, nahitaezko hitzordua Arabako erakundeentzat”.
“Bertan -erantsi du- erakundeok interesatzen gaituzten artistei buruzko xehetasunetan sakondu dezakegu, eta baita etorkizuneko beharrak hauteman eta ibilbide interesgarria izan dezaketen artista gazteei arreta egin ere. Gerora, informazio hori eta beste batzuk baliatuta, Arabako kulturan eragin positiboa duten erabakiak har ditzakegu”.
Bere aldetik, Canto zinegotziak azpimarratu duenez, ARCO “arte garaikidearen panorama orokorra modu trinkoan hautemateko aukera da, arte garaikidearen joerak, bilakaera eta goraka datozen artistak. Denbora-tarte labur batean, eta leku ez handiegi batean, jarraitzen ditugun artistak bisitatzeko aukera ematen digu, bereziki artista espainiar eta euskaldunak”.
Gainera, gehitu du, “ARCO aitzaki ona da, betiere, beste ekimen alternatibo batzuk bisitatzeko, esaterako Art Madrid, Cibeles plazan, edo La Casa Encendidaren gisako proiektu interesgarriak, gero erabaki onenak hartzen lagunduko diguten galeria eta museoak.”
Besteak beste, Bilboko Carreras-Múgica galeria bisitatu dute bi ordezkari arabarrek, hain zuzen ere, aurtengoan ARCOn dagoen euskal galeria bakarra. Carreras-Múgica galeriak Ángel Bados, Eduardo Txillida, June Crespo, Ángels de la Cruz, Raúl Domínguez, Pello Irazu, Erlea Maneros Zabala, Asier Mendizabal, Juan Pérez Agirregoikoa eta Richard Serraren lanak eraman ditu, besteak beste, ARCOra.
Gero, Arabako ordezkariek euskal artistak dituzten beste galeria batzuk bisitatu dituzte, esterako Esther Ferrerren lana duten Mira Madrid eta Angles Barcelona, edo Alain Urrutiarena duen Casado Santapau galeria. Suitzako Hauser&Wirth galeriak Eduardo Txillidari buruzko monografikoa antolatu du, eta bertan ere geratu dira Ana del Val eta Estíbaliz Canto.
Azkenik, zinegotzia eta diputatua La Casa Encendida proiektura zuzendu dira; Madrilgo proiektu horrek arlo soziala eta kulturala uztartzen ditu formatu ireki, dinamiko eta jende orori ireki batean. Bertan, abangoardiako adierazpide artistiko nabarmenenetako batzuk jarduera hezigarriekin, hausnarketarekin eta eztabaidarekin batera jorratzen dira, eta bi ordezkari arabarrek berebiziko interesa zuten hori ezagutzeko.