Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa funtsezko bilera da Euskadirentzat

0

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburua elkarrizketatu dute gaur Bizkaia Irratiko «goizeko Izarretan» saioan, eta gaurkotasun politikoaren errepasoa egin du bertan.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak gaur goizean Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan azpimarratu du Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak martxoaren 11n egingo duen bilera funtsezkoa dela Euskadirentzat. Sailburuak esan du gogor ari direla lanean bileran hainbat akordio itxi ahal izateko, hala nola Kupoaren likidazioak, Euskadik nazioarteko erakundeetan duen parte-hartzea, defizita edo zor publikoa. Era berean, Pedro Azpiazuk jakinarazi du zergak hitzartzea oraindik ez dela bilerara eramango, aldez aurretik identifikatu behar direlako zein diren lotura puntuak.

Kupoari dagokionez, sailburuak transferentzia berriek zer suposatzen duten aztertzeko beharra adierazi du. Hain zuzen ere, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoari erreferentzia eginez, transferentzia hori Euskadirentzat garrantzitsua dela adierazi du, eta «horrek dakarren zenbateko ekonomikoa ikusi beharko da».

Estatuko aurrekontuei dagokienez, Espainiak aurrekontu onartua izatearen garrantzia nabarmendu du Azpiazuk. «Espainian aurrekontuak onartzea beharrezkoa da, duela hiru urteko aurrekontuekin lantzen ari gara», adierazi du. Ildo horretan, aurrekontua onartzeak egonkortasuna dakarrela azpimarratu du, Estatuari zein Euskadiri mesede egiten dion egonkortasuna.

Halaber, Miren Gorrotxategik Jaurlaritzaren aurrekontuak onartzeari uko egitearen inguruan esandakoak aipatuz, Azpiazuk azpimarratu du Gobernua beti egongo dela alderdi guztiekin negoziatzeko prest. «Lander Martinezekin konfiantza politikoko harremana izan dugu, eta hori baloratzekoa da», adierazi du. Aurrekontuen itunaren jarraipen batzordeari buruz galdetuta, sailburuak adierazi du, klima aldaketari dagokionez, ekintza gehienak martxan daudela, enpresetan trantsizioa laguntzeko ekintzak, auto elektrikoa, udalentzako auditoriak…

Azpiazuk elkarrizketan jorratutako beste gaia koronabirusari buruzkoa izan da. Ogasun eta Ekonomiako sailburuak lasaitasuna eskatu du, eta, Osasuneko sailburuak esan duen bezala, eskuak garbitzea, doministikuekin kontuz ibiltzea… Koronabirusak ekonomian izango duen eraginari dagokionez, Azpiazuk onartu du ez dela positiboa izango, baina, oraingoz, ez da hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena berrikustera ausartu.