Bilboko Hezkuntza Fakultateak hezkuntza goiztiarreko lehen laborategia inauguratu du

0

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultateak hezkuntza goiztiarreko lehen unibertsitate laborategia inauguratu du gaur, martxoaren 4an. Horren bidez, Haur Hezkuntzako (0-3 urte) lehen zikloko ikasleen espezializazioa areagotuko da.

Ekitaldian izan dira UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekano Asier Romero, Haur Hezkuntzako graduko irakasle Elena Herrán eta hezkuntza goiztiarreko hezitzaile espezialista eta Pikler pedagogiako trebatzaile Judit Kelemen. Judit Kelemenek, halaber, “Pertsona eta komunitatea. Nola prestatzen eta antolatzen dugun ingurua 0-3 urteko haurrentzat” hitzaldia eman du.

Laborategiak bi espazio ditu. Bata 0-3 urteko ikasleentzako prestatutako gela batean ohikoak diren ekipamendu, objektu, tresna eta jostailuz hornitua dago (aldatzeko eta janzteko lekuak, sehaskak, Pikler mahaia, mugikortasun egiturak, panpinak, jostailuak, eta abar) eta bestea unibertsitate irakaskuntzarako prestatuta dago. Proiektuak 39.472 €-ko kostua izan du; zentroak berak eta Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak finantzatu dute.

«Bizitza aparteko esperientzia bat da, eta apartekoa da, halaber, jaiotzen garenean hasten dugun ikaskuntza ibilbidea. Gaur inauguratu dugun laborategiak erakusten du ebidentzia horrekin bat datorrela gure eredu akademikoa. Espazio honetan ikasleek bizitzako lehen uneetako hezkuntzaren zuzeneko esperientzia izango dute», adierazi du UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak.

Cristina Uriarte sailburuak hezkuntza “etengabeko eraldaketa” batetan aurkitzen dela gogorarazi du. “Beharrak eta lehentasunak aldatu egiten dira gure gizartea aldatzen den neurri berean. Kontestu horretan kokatzen dut gaurko laborategi berri honen irekiera. Lehen balio zuenak, duela urte batzuk erabiltzen zenak, agian gaur egun ez du efektu berbera. Eta adi egon behar dugu hobekuntza horiek identifikatu eta martxan jartzeko. Zentzu honetan, erreflexutan arintasuna erakutsi dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza Fakultateak”, gaineratu du.

Fakultateko Haur Hezkuntzako graduko ikasleek egingo dituzte praktikak laborategi honetan, bai eta 0-3 urteko haurrekin lan egingo duten hezkuntzako beste titulazio batzuetakoek ere. Gainera, adin tarte horretan lan egiten duten eta irakaskuntza gaitasuna hobetu nahi duten profesionalek ere erabili ahal izango dute, etengabeko prestakuntzarako.

«Oso argi daukagu Haur Hezkuntzako gradu hau sustatzen jarraitu behar dugula hainbat neurrirekin, eta laborategi hau neurri horien artean dago. Horren oinarriak izango dira haurtxoaren zaintza, haren garapen linguistiko, motor eta kognitiboa, haren elikadura ohiturak eta higienea», esan du Asier Romerok, Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoak.

Espezialitate honetako ikasketen ildoan, haurtxoen jardueren bi eremu handi ditu laborategiak. Batetik, jarduera autonomorako eta jolas librerako gunea dago, haurtxoen gaitasun autonomoa garatzeko, eta garapen motor eta kognitiborako balio duena. Bestetik, zainketen gunea dago, eta hor eguneroko bizitzako ohitura eta ikaskuntza progresiboki autonomoagoak egingo dira: elikadura, pixoihal aldaketa, esfinterren kontrola, loa, janztea, higienea, eta abar.

Haurreskolak partzuergoa sortu zenetik, 0-2 urtekoen eskolatze tasa asko handitu da. Horien eskolatze tasa eta 2 urtekoena batera zenbatuta, urteko tasa % 52,93 da; hots, estatuko altuena. Europako Batzordearen arabera, 0-3 urtekoen eskolatze tasak 2020rako % 100 izan behar zuen Europan. Ez da hala izan, baina gorako joera bistakoa da. Beraz, Bilboko Hezkuntza Fakultateak apustu irmoa egin du bere ikasleak eremu profesional horretan prestatzeko.

Kalitatezko hezkuntza goiztiarra XXI. mendean

Proiektu honen bidez, Bilboko Hezkuntza Fakultateak bereziki eskola garai horren garrantzia aldarrikatu nahi du, funtsezkoa baita norbanako gisa prestatzeko.

Gaur egun neurozientzian eta hezkuntza goiztiarrean egiten ari diren ikerketek agerian jarri dute jaioberriek ezohiko gaitasunak dituztela, horiek garatzeko kalitatezko lotura afektiboa behar dela eta prozesu guztian jarduera fisiko proaktiboa egin beharra dagoela eta, gainera, horrek eragin handia duela. Orobat, erakutsi dute kalitatezko esku hartzea oso garrantzitsua dela adin tarte horretan lehen haurtzaro osasungarria eta gizarte osasuntsua lortu nahi badira.

Duela gutxi arte, familia hezkuntza modura hartu izan da hezkuntza goiztiarra. Okerreko kontzeptua da, baina, kontuan hartzen badugu profesionala ez dela bere kargura dituen haurren ama biologikoa. Hezitzaileak izan beharreko lotura afektiboa profesionala da, eta eguneroko zainketa txiki eta handien beharrei eman beharreko erantzunean oinarritzen da, haur bakoitza ondo ezagututa: gustuak, zaletasunak, ezaugarriak, zailtasunak, ohiturak, gaitasunak, eta abar. Hezkuntza goiztiarrean, heztea zaintzea da.