Cristina Uriartek Hezkuntza Goiztiarreko Laborategia bisitatu du

0
PRUEBA

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Maite Alonso sailburuordeak Hezkuntza Goiztiarreko Laborategi berria bisitatu dute gaur goizean, EHUren Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuan dagoen Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Sailburuarekin batera, bisitan izan dira Nekane Balluerka EHUko errektorea, eta Asier Romero Fakultateko dekanoa.

Hezkuntza Goiztiarreko Laborategiak orain arte Hezkuntzako ikasketetan eta Haur Hezkuntzako irakasleen hasierako prestakuntzan bigarren maila batean geratu izan den ziklo baten prestakuntza-premiak asetzeko helburua du: lehen haurtzaroa deiturikoaz arduratuko da. Azpiegitura berri horrekin, Bilboko Hezkuntza Fakultateak alor horretako prestakuntza handitu eta eguneratu nahi du.

Laborategira egindako bisitan, sailburuak hezkuntza-sistemak beti behar duen egokitzeko gaitasun azkarra aipatu du, kasu honetan Bilboko Hezkuntza Fakultateak erakutsi duena. “Kontestu horretan kokatzen dut gaurko laborategi berri honen irekiera. Hezkuntza Fakultatearen helburua, profesional bikainak formatzea da, jakinda profesional horien eskuetan dagoela gure ikasleen hezkuntza ibilbide sendoa. Eta horretarako, metodologia egokiak erakutsi behar dizkie etorkizuneko maisu eta andereñoei. Adi egon behar dugu hobekuntza horiek identifikatu eta martxan jartzeko. Zentzu honetan, erreflexutan arintasuna erakutsi dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza Fakultateak”, azaldu du.

“Ziur naiz laborategi berri honetan formatuko diren ikasleek, etorkizun hurbileko maisu eta andereñoek, eskertuko dutela tresna berri hau. Txikienekin aritzeko formazio espezifikoa indartzea behar genuen Fakultate honetan, eta gaurtik aurrera errealitate bihurtu da.  Espazio berriak, tresna berriak… metodologia berriztuak, eta betiko ilusioa”.

Uriartek, halaber, Euskadin 2 urteko adinean dagoen eskolatze tasa altua ere nabarmendu du, gaur egun %92 ingurukoa, eta baita Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzu bikaina ere. “Familia askok haien eskuetan uzten dituzte haurtxoak hilabete gutxi batzuk baino ez dituztenean. Konfiantza dutelako Haurreskoletan; eta 2 urte betetzerakoan, konfiantza dutelako baita gure hezkuntza sisteman ere”.

Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, EHU egiten ari den bezala, Hezkuntza Saila ere Haur Hezkuntzako ikasleen hezkuntza-kalitatean eragin zuzena duten ekimenak bultzatzen ari da. Sailak dozena bat ikastetxe publikotan abian jarri duen Haur Hezkuntzako Berariazko Egitasmo Esperimentala aipatu du, edo etapa horretara bertara bideratutako Arreta Goiztiarreko Plana.

Hezkuntza Goiztiarreko Laborategia

Haur Hezkuntza Graduko ikasleei zuzenduta dago, batez ere Hezkuntza Goiztiarreko ikasgaia ikasten dutenei, eta laborategiak ikasgaia lantzeko behar diren baliabide guztiak ditu: sehaskak, Pikler-pupitrea, mugikortasunerako egiturak, panpinak edo jostailuak, besteak beste.

Hezkuntza Goiztiarraren proposamen honek haurtzaroa erabat ezagutzea dakar, hori baita pertsonaren hasierako oinarria eta muina, eta horren arabera nola hezi behar den arlo guztietan. Gaur egun, neurozientziek adin-tarte horren ezaugarriez eta garrantziaz ohartarazten dute; izan ere, esku-hartze goiztiarraren eremuak nahitaez dakar hura definitzea eta gauzatzea, lehen haurtzaroa egokia izan dadin. Era berean, neurozientziek agerian utzi dituzte jaioberrien gaitasun apartak, horiek garatzeko kalitatezko lotura afektiboaren beharra eta jarduera fisiko proaktiboak prozesu osoan duen beharra eta eragina. Beraz, Hezkuntza goiztiarraren garapenean egunerokotasunak agintzen duela esan ohi da.

Esku-hartze goiztiarreko bi arlo nagusi daude. Batetik, norberaren mugikortasun-gaitasuna, haurraren garapen motorra eta kognitiboa ahalbidetuko duena; eta, bestetik, zaintza-eremua, non eguneroko bizitzako ohiturak eta ikaskuntzak gauzatu beharko diren: elikadura, pixoihalak aldatzea eta esfinterren kontrola, loa, arropak eranztea, sudur garbiketa… Bilboko Hezkuntza Fakultateko Laborategiak bigarren arlo horretan aurkitzen du lanerako arrazoia. Hezkuntza Goiztiarrean, prestakuntza eta hezkuntza kontua dira zaintzak, eta hemen esku-hartzeak guztiz zuzena, errepikakorra eta argia izan behar du. Beraz, zainketen bidez harreman afektiboa sendotzeaz gain, haurraren autonomiaren bilakaera naturala –bere gorputza menderatzearekin eta ezagutzearekin batera- umearen psikismoa esnatzean eta hedatzean gauzatuko da. Hezkuntza Fakultatean Hezkuntza Goiztiarreko Laborategi bat antolatzea bereziki ezinbestekoa da esku-hartzeko arloak argitzeko, esku-hartzeak ikasi eta fintzeko, aurreko sinesmenaz jabetzeko eta hura eraldatzeko. Gaitasuna hobetu nahi duten profesionalen etengabeko prestakuntzarako ere erabili ahal izango dira instalazio berriak.