Moyua, Comsa eta Cycasa ABEEak aurkeztu du abiadura handiko Atotxako geltokia eraikitzeko eskaintzarik onena

0

Moyua, Comsa eta Cycasa ABEEk, Donostiako abiadura handiko Atotxako geltokia eraikitzeko eskaintzarik onena aurkeztu du. Obren aurrekontua 80,4 milioi eurokoa da (BEZ barne), eta 42 hilabeteko egikaritze epea dute. Inbertsio osoa, hala ere, handiagoa izango da, beste laguntza-kontratu batzuk esleitu gabe baitaude oraindik.

Euskal Trenbide Sareak zortzi proposamen jaso ditu guztira lizitazio aldian. Atotxako geltoki berria Norteko Geltoki eta Tabakalera ingurunearen egungo arkitekturan integratzen da, eta, aldi berean, hainbat garraiobideren arteko lotura bultzatzen du: aldirietakoak, abiadura handikoak eta autobusak (autobus geltokiak era independentean funtzionatuko duen arren, nabarmen hobetuko da harekin dagoen lotura).

ETSren kontratazio-organoak Moyua, Comsa eta Cycasa ABEEak aurkeztutako eskaintzarik onena aukeratu eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, hurrengo egunetan esleipenari ekingo zaio, datorren apirilean obrak hasi ahal izateko aurreikuspenarekin.

Hauek dira Atotxako geltoki berriko jarduketa nagusiak:

Trenbide-zabalgunea berritzea. Amaitutakoan, aldirietako trenetarako bi nasa (1. eta 2. trenbideak, bi muturretan) egokituko dira, hiru harirekin (zabalera iberikoa eta nazioartekoa) eta ibilbide luzeko nahiz abiadura handiko hiru nasa izango dira, UIC zabalerako lau trenbideri zerbitzu emango diotenak (3., 4., 5. eta 6. trenbideak), izango ditu.

Geltokiaren eraikina berreraikitzea. Egungo eraikinaren toki berean egongo da, baina eraikina geltokiaren beharrizan funtzional berrietara egokituko da. Egungo eraikinaren fatxada mantenduko da, barruko aldea berreraikiko da eta beste bi solairu gehituko dira.

Aldirietako trenen eta ibilbide luzeko trenen beheko atarteak, nasetara iristeko. Beheko solairuan egongo dira eta erabilgarriak izango dira bidaiarien kontrola egiteko eta nasetara iristeko. Ibilbide luzeko trenen atartean, merkataritza-gune bat eta etorkizuneko tren-operadoreentzako guneak egongo dira.

Egiara iristeko beheko igarobidea. Aurreko bi atarteen artean egongo da. Hiriaren erdigunea eta Egia auzoa komunikatzeaz gain, beheko gune edo plaza horretatik bi atarteetara edo nasetara iritsi ahal izango da.

Trenbideen gaineko plaza. Geltokiko trenbide-zabalgunearen gainean egongo da, eta zoladuraren kota bat etorriko da ondoan duen Tabakalera (KGNZ) eraikinaren lehen solairuaren kotarekin; horri esker, plaza publiko bat eraiki ahal izango da, kultura-eraikinetik zuzenean geltokira sartzeko. Trenbideen gaineko plaza horren azalera osoa 5.723 m2-koa izango da.

Zaharberritze garrantzitsu hori egiten den bitartean, trenen trafikoa mantendu beharko da, eta, aldi berean, erabiltzaileei zerbitzu egokia eman behar zaie. Horretarako, obrak exekutatu bitartean, behin-behineko geltoki bat eraikiko da egungo eraikinaren parean; Nestor Basterretxea plazatik sartuko da bertara.