Gobernu Kontseiluak 6 milioi euroko gastua baimendu du tratamendu medikoekiko atxikidura bermatzeko 2020ko laguntzetarako

0

Gobernu Kontseiluak, gaur, Nekane Murga Osasuneko sailburuak proposatuta, 6.038.131 euroko gastua baimendu du, 2020an farmazia-tratamenduekiko atxikidura bermatzeko laguntzak emateko, beren kalteberatasun-egoera dela-eta, koordainketa farmazeutikoak ezarritako kostu erantsiari aurre egin ezin diotenentzat.

Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak koordainketa farmazeutikoarekiko betiere erakutsitako aurkakotasunaren barruan sartzen dira. Gaitzespen irmo horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoa izan zen pentsiodunei eta egoera ahulean dauden taldeei (pentsiodunak, langabetuak, egoera irregularrean dauden etorkinak…) zuzendutako konpentsazio-neurriak ezarri zituen Estatuko lehen erkidegoa, inork ere ez diezaion arrazoi ekonomikoengatik agindutako botikak hartzeari utzi.

Hurrenez hurreneko zazpi urteotan, 608.000 eskabide baino gehiago tramitatu ditu Eusko Jaurlaritzak, 32,9 milioi eurotik gorako zenbatekoaz, eta horiei 2020ko aurrekontuetan kontsignatutako 6.038.131 euroak gehitu behar zaizkie (behar izanez gero, zenbatekoa handitu daiteke). Gastu hori gaurko gobernu-kontseiluan baimendu da.

Joan den 2019an, Eusko Jaurlaritzak guztira 5.161.121 euro bideratu zituen 2018ko deialdiaren bigarren epeari eta 2019ko deialdiaren lehen epeari zegozkien laguntzen onuradunentzat. Ekitaldiaren arabera, honela daude banakatuta:

2018KO DEIALDIAREN 2. EPEA  
• Ordaindutako zenbatekoa, guztira 3.217.484,12 €
• Onuradunen kopurua 82.541
• Onuradun bakoitzeko batez besteko laguntzaren zenbatekoa 38,94 €
• Pertsona batentzako laguntza handienen zenbatekoa 1.701,47 €
• Zenbateko txikieneko laguntzaren zenbatekoa 0,07 €
   
2019KO DEIALDIAREN 1. EPEA  
• Ordaindutako zenbatekoa, guztira 1.943.627,27 €
• Onuradunen kopurua 60.645
• Onuradun bakoitzeko batez besteko laguntzaren zenbatekoa 32,05 €
• Pertsona batentzako laguntza handienen zenbatekoa 1.076,75 €
• Zenbateko txikieneko laguntzaren zenbatekoa 0,10 €
 
         ONURADUN GUZTIEN BANAKETA EHUNEKOETAN
• Pentsiodunak eta haien onuradunak % 97,4
• Gainerako onuradunak % 2,6

 

2019ko deialdiaren lehen epea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2019ko uztailaren amaieran ordaindu zuen jadanik, 1.943.627,27 €-ko zenbatekoaz, eta aurki hasiko da bigarren epea ordaintzen, kalkulatutako 3.037.775 €-ko zenbatekoaz.

Gogoan izan behar da 2017ko azaroan Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza horien dekretua aldatzea onartu zuela, onuradunen beste bi kolektibo sartzeko: legezko langabezia-egoeran dauden pertsonak, langabezia-prestazioa jasotzen dutenak, eta diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzen dutenak, beren lan-errenten osagarri gisa; bi kasuetan, gehienez 18.000 euroko diru-sarrerak dituztenak. Kolektibo horiek ordura arte laguntzak jasotzen zituztenekin bat egin zuten horrela: 18.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak dituzten pentsiodunak, prestazio ekonomikorik gabe langabezian dauden pertsonak eta bizileku irregularreko egoeran dauden etorkinak. Halaber, 2019ko otsailean, Eusko Jaurlaritzak laguntzen hasierako dekretuaren bigarren aldaketa bat onartu zuen, 7/2018 Errege Lege Dekretura egokitzeko. Hala ere, bigarren aldaketa horrek ez zituen aldatu laguntza horien onuradun potentzialtzat lehen jotzen ziren kolektiboak.