Lau pertsona zauritu dira Algortako taberna batean izandako gas leherketaren ondorioz

0

Lau pertsona arin zauritu dira Algortako Alangobarri kaleko taberna batean, gaur goizeko 10:30 aldera izandako leherketaren ondorioz.

Eztandaren ostean, suhiltzaileak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Guardia Zibila eta bi anbulantzia bertaratu dira berehala. Zaurituetako bi ezbeharra gertatu den tokian bertan artatu dituzte eta beste bi erietxera eraman dituzte, badaezpadan.

Leherketaren ondorioz, kalte materialak izan dira taberna horren goiko pisuko etxebizitzetan, -horietako bizilagunak ebakuatu dituzte-, inguruko hainbat establezimendutan eta haren ondoan aparkatutako ibilgailu batzuetan, bai eta aurrealdeko eraikinean ere.

Uneotan lanean ari dira inguru horretan normaltasuna berreskuratzeko, eta eztandak eragindako kalteak ebaluatzeari ekin diote.