Aldundiak #BizkaiaGara boluntarioen laguntza-sarea aktibatu du

0
PRUEBA

Bizkaiko Foru Aldundiak boluntarioak lortzeko kanpaina aktibatu du, astelehenetik aurrera #BizkaiaGara boluntarioen laguntza-sarea osa dezaten. COVID-19 koronabirusak eragindako larrialdiak sortutako beharrizanen ondorioz, baliteke mendekotasun-egoeran dauden eta etxean zaintzaile batekin bizi diren 9.168 adinekok laguntza-behar handiagoa izatea oinarrizko jarduera horiek egiteko, ez baita gomendagarria etxetik irtetea.

Telefono-deien bidez, foru-erakundea harremanetan jarriko da laguntza horren balizko jasotzaile gisa identifikatuta adinekoekin; haien beharrizanak jasoko ditu, eta erantzuteko prozesua aktibatuko du. Halaber, kolektibo horretan sartuta ez dagoen lurraldeko beste edozein adinekok laguntza hori behar badu Aldundiaren 94 406 6000 telefono-zenbakira dei dezake astelehenetik aurrera.

Aldundiak bizkaitarren elkartasuna eskatu da, eta dei egin die herritarrei #BizkaiaGara laguntza-sarearekin bat egin dezaten, koronabirusak sortutako krisi honetan, erakundeek aplikatutako euste-neurrien ondorioz egoera ahulenean dagoen arrisku-talde honi laguntza emateko.

Boluntarioek sendagaiak edo elikagaiak erosteko laguntza emango diete Bizkaiko adinekoei, etxetik atera ez daitezen. Etxean dauden eta etxean geratu behar diren adinekoak dira, bakarrik bizi direnak, edo adineko beste pertsona batzuekin bizi direnak. Boluntarioak telefonoz jarriko dira harremanetan pertsona horiekin, elikagaien eta sendagaien arloan dituzten beharrizanei buruz galdetzeko; gero, erosi egingo dituzte eta etxeetara eramango dizkiete, higienea eta segurtasuna erabat bermatuta.

Boluntarioek informazioa, prestakuntza, orientazioa eta baliabide materialak jasoko dituzte zeregin hori betetzeko, berebiziko arreta jarriz COVID-19 birusa ez kutsatzeko prebentzioan, adinekoen eta boluntarioen babesa bermatzeko.

#BizkaiaGara boluntarioen laguntza-sarearekin bat egin nahi duten pertsonek bolunta Bizkaiko boluntariotza-agentziaren bidez egin ahal izango dute, astelehenetik aurrera. Horretarako, 94 416 1511 telefono-zenbakira deitu behar dute, edo mezu bat bidali helbide honetara:  bizkaiagara@bizkaia.eus.

Boluntarioak lortzeko, #BizkaiaGara sareak euskal unibertsitateak eta BOLUNTA ditu baliabide gisa. Horrez gainera, Bizkaiko Gurutze Gorriarekin koordinatuko ditu geroko ekintzak, eta lurraldeko udalerri guztietara zabalduko da.