Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-neurri batzuk onartu ditu osasun-krisi honen ondorio ekonomikoak arintzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, bide digitaletik, Osasun sailburu Nekane Murgarekin eta Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazurekin batera.

Ogasun eta Ekonomia sailburuak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak premiazko hainbat neurri onartu ditu gaur, ahal den neurrian, Covid-19ren pandemiak Euskadin izango dituen eragin ekonomiko handiak arintzeko. Bozeramaileak azaldu duenez, neurri horien lehentasunezko helburua da euskal osasun-sistemari beharrezko baliabide guztiak ematea, egunerokoan zerbitzu profesionala eta kalitatezkoa eskaintzen jarraitu ahal izan dezan; baita, egoera hori gehien pairatzen ari diren kolektiboen beharrei erantzutea ere, bai ekoizpen-ehunean, bai familietan. “Gobernuak baliabide ekonomiko eta giza baliabide guztiak jarriko ditu», adierazi du.

Bestalde, Osasun sailburuak Euskadiko koronabirusaren egoeraren datu eguneratuen berri eman du. Horrela, jakinarazi du Euskadin beste 38 COVID-19 kasu erregistratu direla, kutsatutakoak guztira 765 direlarik. Horietatik 362 ospitalizatuta daude eta hildakoen kopurua 36 pertsonatan mantentzen da —ez dago heriotza berririk—. Gainera, Nekane Murgak nabarmendu du ospitaleetako farmazia-zerbitzuetan sendagaiak jaso ohi dituzten pertsonen tratamenduen jarraitutasuna erabat bermatuta dagoela. Hala, zerbitzu horietan pertsona-pilaketarik egon ez dadin, ez joateko deia egin du, hitzordua izan ezean.

Osasun sailburuak iragarri du, halaber, Eusko Jaurlaritza plan bat amaitu duela etxetik atera ezin diren pertsona asintomatikoei oinarrizko zereginak, behar-beharrezkoak direnak, egiteko antolatutako elkartasun-ekimenak sustatzeko eta babesteko. ELKARTASUN ANTOLATUKO GUZTION ARTEAN sarearen helburua da premiarik handienak dituzten euskal herritarren premiak bideratuko dituen tresna bakar bat bultzatzea eta, aldi berean, osasun-kalteak saihestea, haientzat zein laguntzen dieten boluntarioentzat.

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak argitu du atzo iragarritako Dekretua, datorren apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen deialdia indarrik gabe uzten duena, Hauteskunde Batzordeak bere oniritzia eman ondoren sinatuko duela Lehendakariak.