Koronabiruseko 208 kasu berri zenbatu dira Euskadin

0

Eusko Jaurlaritzak, Euskadin koronabirusak duen egoerari buruzko eguneroko informazioan, jakitera eman du Osasun Kontseilua indartuko dela langile gehiagorekin, baita herritarrei zalantzak argitzeko call center batekin ere. Bestalde, infografia bat argitaratu da COVID-19 duten pertsonei etxean jarraitu beharreko gomendioak jakinarazteko. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari eta koronabirusaren mahai teknikoko kide Mikel Sanchezek jakinarazi du informazio hori Lakuan emandako online prentsaurreko batean.

DATU EGUNERATUAK

Euskadin beste 208 COVID-19 kasu erregistratu dira. Beraz, kutsatutakoak guztira 973 dira (horietatik 353 ospitalizatuta daude). Hildako pertsonak 40 dira, atzo baino 4 gehiago. Lurraldeka, honako hau da banaketa:

  • GIPUZKOAN 131 positibo daude, eta horietatik 39 ospitalizatuta daude.
  • BIZKAIAN 297 lagun daude kutsatuta, eta horietatik 118 ospitalizatuta.
  • Eta, ARABAN, 545 kasu zenbatu dira, eta horietatik 196 ospitalizatuta daude.
            . Martxoaren 18ko eguneratzea Kasu positibo berriak Pertsona ospitalizatuak Hildako pertsonak Kasu positiboak GUZTIRA
ARABA 71 196 27 545
BIZKAIA 96 118 8 297
GIPUZKOA 41 39 5 131
GUZTIRA EUSKADI 208 353 40 973

OSAKIDETZAKO OSASUN KONTSEILUA

Mikel Sanchezek Osakidetzako Osasun Kontseilua indartzeko neurri berri baten berri ere eman du agerraldian. Hain zuzen, azken bi asteetan 18 erizain sartu ditu jadanik.

Azken hogei egunetan (zehazki, otsailaren 26tik martxoaren 16ra) erregistratutako 47.500 deiak aztertu ondoren, eta koronabirusarekin lotutako dei horietatik hamarretik sei informazioa eskatzeko direla egiaztatu ondoren, Osasun Sailak CALL CENTER baten bidez beste errefortzu bat antolatzea erabaki du.

Hala, jada Osasun Kontseiluan lan egiten zuten operadoreei call center hau gehitu zaie.  Lehen triaje edo bahetze bat egitea da beronen eginkizuna: deitzen duen pertsonak informazioa bakarrik behar badu, langile horrek berak erantzungo dio edota Sailaren webgunera bertara joaraziko du. Deitzen duen pertsonak sintomak baditu, orduan bai, erizaintzako profesionalei eta Osasun Kontseiluko erizaintzako langileei bideratzen zaie deia. Horrela, erizainek benetan behar duenari arreta eman ahal izatea lortzen da. Atzo bertan errefortzuko call center hori martxan jarri zenetik, itxarote-ilara % 40 inguru murriztu zen.

Sintomak dituzten pertsonek bakarrik deitu behar dute Osasun Kontseilura. Salbuespen batekin; hau da, Arabaren eta Gasteizen kasuan, norbaitek sintomak baditu, bere osasun-zentrora dei egin dezala aholkatzen zaio.

ETXEAN BAKARTZEKO NEURRIAK

Mikel Sanchezek bakartuta dauden pertsonek hartu beharreko neurriei buruzko jarraibideak eman ditu, bai koronabirusaren kasu positibo bat direlako, bai koronabirusaren kasu positibo batekin harreman estuan egon direlako. Osasun Sailak modu bisualean argitaratu ditu gomendio horiek.

COVID-19 duten pertsonentzat, hauek dira gomendioak:

  • Ahal den guztietan, erabilera esklusiboko logela eta bainugela izatea.
  • Gelak aireztatuta egon behar du, atea itxita duela.
  • Komunikatzeko telefono operatibo bat.
  • Gelatik irten behar badu, pertsonak maskara kirurgikoa eraman behar du, eta segurtasun-distantzia mantendu. Baina, irtetea saihestu behar da betiere.
  • Bakartze-egoeran dagoen bitartean, saihestu egin behar du adineko pertsonekin, gaixotasun kronikoak dituztenekin edo haurdunekin bizitzea.
  • Logelan zabor-ontzi estalkidun bat jarri, edo itxitura hermetikoko poltsa bat.
  • ERNE EGON EDOZEIN GAIXOTASUN-SINTOMA DELA ETA.

Etxean bizi diren gainerako pertsonentzat, kontu handiz ibili eta neurri hauek hartu behar dituzte:

  • Isolamenduan dagoen pertsonarekin aurrez aurre ez harremanetan jartzea.
  • Egunean bitan tenperatura hartzea.
  • Pertsona bakar batek eman behar dio arreta pazienteari.
  • Eskuak beti garbitzea bakartutako pertsona edo haren tresnak ukitu ondoren.
  • Sarritan garbitzea ukitzen diren eremuak: txorrotak, etengailuak, ateen heldulekuak…

Gainera, honako puntu hauek hartu behar dira kontuan:

  • Garbitzeko: lixiba erabili (1 zopa-koilarakada litro ur bakoitzeko).
  • Bakartuta dagoen pertsonak erabilitako arropa eta izarak poltsa itxi batean sartu behar dira, garbigailura eramateko.
  • Sukaldeko platerak, edalontziak eta tresnak tenperatura altuetan garbitu behar dira, ahal dela ontzi-garbigailuetan.
  • Eta gogoratu eskuak behar bezala garbitzeaz: 40-60 s urarekin eta xaboiarekin.