Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei laguntzeko zerbitzu guztiak martxan daude

0

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak bideokonferentzia bidez parte hartu du gaur goizean Berdintasun Ministerioak deitutako Berdintasunerako Batzorde Tekniko Sektorialaren ezohiko eta premiazko bileran, genero-indarkeriaren prebentziorako politika publikoen egoera aztertzeko, koronavirusak eragindako salbuespen-egoeraren aurrean. Bertan, Ministerioak eta Autonomia Erkidegoek emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei laguntza emateko zerbitzuen egoera azaldu dute, lurraldez lurralde.

Landaidak jakinarazi du Euskadin, nahiz eta osasun publikoko larrialdi-egoerak baldintzatuta egon, indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko euskal erakundeek eskaintzen dituzten baliabide eta zerbitzu guztiak martxan daudela. Halaber, Landaidak gogorarazi du 112 larrialdiko aplikazioa dagoela, 2018an eguneratu zena, eta entzumen- edo hizketa-zailtasunak dituzten pertsonentzat eskuragarria dela, eta GPS sistemaren bidez lokalizatzea erraztu dezakeela.