Osasun Sailaren eta Osakidetzaren oharra pazienteak lekualdatzean taxiak erabiltzeari buruz

0

UGT sindikatuak pazienteak lekualdatzean taxiak erabiltzeari buruz egindako baieztapenei dagokienez, Osasun Sailak eta Osakidetzak honako hau zehaztu nahi dute:

  • Gasteizen akordio bat egin da taxilarien elkartearekin pazienteak lekualdatzeko, horiek baldintza kliniko egokietan daudenean. Ibilgailu horiek honako ibilbide hauek egiten dituzte: osasun zentrotik ospitalera, ospitaletik etxera, alta ematen zaienean, edo zentroen arteko lekualdaketa.
  • Ibilbide horiek anbulantziei lehentasuna emateko errefortzuak dira, behar dituzten lekualdaketetarako, eta baldintza klinikoek horretarako aukera ematen dutenean bakarrik egiten dira.
  • Ibilgailuak segurtasun-materialarekin prestatu dituzte. Gainera, garaje espezifiko batean garbiketa-protokolo bat gaitu da gidarien eta bidaiarien segurtasuna bermatzeko.
  • Eskertzekoa da taxilarien elkartearen eta laguntzen duten profesional guztien prestasun ona. Izan ere, haien jarrera ona ikusita, praktika hori Gasteizera ez ezik, Bizkaira ere zabaldu da.
  • Paziente bat lekualdatzeko bitarteko gisa taxia erabiltzea osasun-arloko profesional batek baloratzen du beti. Hortaz, ez da bidezkoa sindikatu batek osasun-arloko erabakiak ikuskatzea.

Osasun Sailak eta Osakidetzak uste dute sindikatu horrek, beren baieztapenen bidez, salbuespenezko une hauetan sentsibilitate txikia erakusten duela biztanleekiko eta profesionalekiko.

Azkenik, Osasun Sailak eta Osakidetzak eskerrak eman nahi dizkiote taxilarien kolektiboari erakusten ari diren profesionaltasunagatik.