23 pertsona hil dira Euskadin, koronabirusak eragindako kutsatuen kopurua 2.421ra iritsi den egunean

0
PRUEBA

Atzoko 20:00ak arte, COVID-19ko beste 324 positibo jaso dira Euskadin, hau da, 2.421 pertsona kutsatu dira guztira. Hildakoak 120 dira atzo izandako 23 heriotzen ondoren.

Hala jakinarazi du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, koronabirusak Euskadin izan duen bilakaera epidemiologikoaren berri emateko Eusko Jaurlaritzak egunero egiten duen agerraldian.

Agerraldian jakinarazi duenez, Gasteizen ezarritako lehen mailako arretaren zonakatze-sistema Bizkaiko Barrualde-Galdakao ESIra zabaldu da. Bertan, arnas sintomak dituzten pertsonak artatzeko erreferentziazko osasun-zentroak bederatzi dira: Basauri-Ariz, Galdakao, Amorebieta, Durango, Gernikako Ospitalea, Lekeitio, Ondarroa, Amurrio eta Laudio. Aste honetan bertan iritsiko da Bizkaiko gainerako eskualdeetara eta Gipuzkoa osora ere.

Antolaketaren berregituraketa hori Gasteizen aplikatzen ari da (Zabalgana, Salburua eta Lakuabizkarra erreferentzia-zentroekin). Horri esker, alde batetik, arnas sintomak dituzten pertsonentzako arreta zentralizatu daiteke koadro horiek artatzeko berariaz prestatutako zentroetan, eta, bestetik, biztanleei segurtasun handiagoa eman dakieke, zirkuitu zehatzak ezartzen baitira arnas sintomak dituztenek gainerakoak kutsa ez ditzaten.

Osasuneko sailburuak, gainera, izurritearen bilakaerak eragindako beste asistentzia-aldaketa batzuen berri eman du:

-Alde batetik, Basurtuko pediatriako larrialdiak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eramatea, hain zuzen ere arreta-zirkuitu espezifiko horien bidez pediatriako pazienteen espazioak gaitzeko eta, aldi berean, haien segurtasuna zaintzeko. Bilbo-Basurtu ESIak haurrak artatzen jarraituko du osasun-zentroetan eta etengabeko arretarako guneetan.

-Bestalde, bihartik aurrera, DONOSTIALDEA ESIko Onkologia Medikoko eguneko ospitalea eta kanpo-kontsulten zerbitzua ONKOLOGIKORA lekualdatuko dira. Donostialdea ESIan erreferentziazko medikuak dituzten pazienteak profesional berak artatzen jarraituko du ONKOLOGIKOKO 2. solairuko kontsultetan. Eguneko ospitalea ere ONKOLOGIKOKO 2. solairura lekualdatuko da. ONKOLOGIKOAN erreferentziazko medikuekin arreta jaso ohi dutenek mediku beraren asistentzia jasotzen jarraituko dute ONKOLOGIKOKO 1. solairuan eta ohiko eguneko ospitalean.

 DATU EGUNERATUAK

Sailburuak emandako datuen arabera, guztira 2.421 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta Euskadin, atzoko 20:00ak arte 324 positibo zenbatu ondoren. Horietatik 1.005 bertan ospitalizatuta daude.

Era berean, atzo baino 23 hildako gehiago izan dira. Hortaz, 120 pertsona hil dira.

Lurraldeka:

BIZKAIAN, 1.032 lagun kutsatu dira, eta horietatik 541 ospitalizatuta daude.

GIPUZKOAN, positiboak 380 dira (horietatik 136 ospitalizatuta daude).

ARABAN, 1.009 kutsatu daude, eta horietatik 328 ospitalizatuta daude.

Gaur arte, Euskadin 7.047 detekzio-proba egin dira, eta, atzo soilik, 862 egin ziren.

Martxoaren 23ko eguneratzea Kasu positibo berriak Pertsona ospitalizatuak Hildako pertsonak Kasu positiboak GUZTIRA
ARABA 97 328 70 1009
BIZKAIA 172 541 35 1032
GIPUZKOA 55 136 15 380
EUSKADI GUZTIRA 324 1005 120 2421