Euskadin, aste honetan, 136 pertsonak eskatu dute laguntza behar-beharrezkoak diren zerbitzuak baino eskaintzen ez dituen Elkartasun Antolatuko Guztion Artean Sarearen bidez beren oinarrizko premiei erantzuteko, eta Cáritasek eta Gurutze Gorriak, larunbatera arte, euskal gizartearen 517 laguntza-eskaintza jaso zituzten hiru lurraldeetan.
Gainera, Gurutze Gorriak eta Cáritasek, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideen arabera, 193 boluntariok beharrezkoa den profila betetzen dutela balidatu dute aldi labur honetan. Izan ere, lagundutako pertsonen eta boluntarioen osasuna zaintzeko, beharrezkoa da, plan honek kontuan hartzen dituen beste alderdi batzuen artean, boluntarioek osasun-arazorik ez izatea.
Eusko Jaurlaritzak sustatutako Elkartasun Antolatuko Guztion Artean Sarea martxoaren 17an jarri zen abian, eta etxetik irten ezin diren sintomarik gabeko pertsonen babesa bermatzeko behar-beharrezkoak diren oinarrizko zereginak egitera bideratutako elkartasun antolatuko ekimenak babestea du helburu. Zehazki, beren bizilekuan, bakarrik edo bikotekidearekin bizi diren eta familiaren laguntzarik ez duten 70 urtetik gorako pertsonei, mendeko pertsonei edo beste kalteberatasun-egoera batean daudenei (administrazioek deribatuta) zuzenduta dago zerbitzua.
Hau da, zerbitzua eskatzen duten pertsonek laguntza behar izan dezakete eguneroko bizitzako premiei erantzuteko, hala nola premiazko hornigaiak eskuratzeko (elikagaiak, higiene- eta garbiketa-produktuak eta beste batzuk, betiere premiazkoak), zaborra jaisteko, Osasun Txartel Indibidualean agindutako sendagaiak biltzeko, maskotaz arduratzeko (paseatzera ateratzeko edo larrialdiko albaitaritza-arreta emateko) eta geroratu ezin diren izapideak eta kudeaketak egiteko.
Gurutze Gorriko boluntariotzaren Autonomia Erkidegoko arduradun José Andrés Illanasek azaldu duenez, behar-beharrezkoak diren zerbitzu horiek betetzeko laguntza-eskaria (Gurutze Gorriaren eta Cáritasen telefonoen bidez) oso handia izan da egun hauetan. Eta askoz handiagoa beren burua boluntario gisa eskaini dutenen kopurua. “Jende asko izan da. Egia esan, gizartea elkartasuna erakusten ari da. Kontua boluntario guztiek jarduteko eta auzokoei laguntzeko aukera arin bideratzea da orain», adierazi du.
Illanak gogorarazi duenez, egunak aurrera egin ahala gora egin dezake oinarrizko premiak betetzeko laguntza-zerbitzua behar duten pertsonen kopuruak. “Adibidez, jaki-tokiak beteta zituztenak eta erostera irten ezin izango direnak. Edo sendagaien edo beste gauza batzuen premiak izango dituztenak”, azpimarratu du.
Horretarako, boluntario gehiago beharko dira. Ildo horretan, Gurutze Gorriak eta Cáritasek laguntza eskaintzen duten pertsona gehiagoren egokitasuna testatzen jarraituko dute, laguntza eskaintzen dutenean zein jarduera hasten dutenean, beren osasun-egoera egokia dela ziurtatzeko.
Baldintzak
Boluntario izateko, beharrezkoa da patologia kronikorik ez izatea eta jarduera hasi aurreko 14 egunetan sintomarik agertu ez izana, ezta bizileku batera joan aurretik ere. Gainera, beharrezkoa da 18-64 urte izatea eta datorren hilabetean, astean bi edo hiru egunetan, gutxienez bi ordutan laguntzeko prest egotea.
Gurutze Gorriak, 945-222.222 telefono-zenbakiaren bitartez, laguntza-eskaerak eta boluntario gisa lagundu nahi duten pertsonen datuak jasotzen ditu, haien parte-hartzea bideratzen du eta parte hartzeko baldintzei buruzko informazio xehatuagoa ematen du. Cáritasek antzeko funtzioak betetzen ditu, eta, lagundu nahi diotenek, 688662773 telefono-zenbakira deitu dezakete zuzenean.
Sareak erakundeen, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko Sareen Sarearen, Gipuzkoako Gizalde, Arabako Sartu eta Bizkaiko Bolunta boluntariotza-agentzien, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren laguntza ere jasotzen du.
Plan berria, nolanahi ere, Osasun Sailaren jarraibideen arabera garatuko da beti.
BetiON
Bestalde, gogorarazi beharra dago betiON Telelaguntza Zerbitzuak, osasun-krisia hasi zenetik, areagotu egin duela erabiltzaileei (eta, bereziki, kalteberatasunik handiena jasaten dutenei) eskainitako arreta. Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako telelaguntza-programak 56.633 erabiltzaile ditu. Guztien % 77 emakumeak dira, % 23 gizonak, eta batez besteko profila bakarrik bizi den adineko emakume batena da. Kalkulatutakoaren arabera, 2.000 erabiltzaile inguru kalteberatasun handiko egoeran daude.
Egunero, betiON zerbitzuko langileek mila dei inguru jasotzen dituzte, eta, gainera, ia 3.000 dei egiten diete erabiltzaileei edo harremanetarako pertsonei, haien egoera pertsonala zein den jakiteko.