Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak osasun agintarien esku jarri ditu PCRn (Polymerase Chain Reaction, COVID-19ren diagnostikoak oinarri duen prozedura) oinarritutako teknika birologiko eta diagnostikoetan esperientzia duten langile guztiak, bai eta pandemia desagerrarazten laguntzeko baliabide material guztiak ere.
Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde Fernando Tapiak eta Ikerketaren arloko errektoreorde José Luis Martínek jakinarazi dutenez, UPV/EHUk osasun agintarien esku jarri ditu 60 PCR makina edo birziklagailu termiko, COVID19 koronabirusa diagnostikatzeko analisietan erabiltzeko, bai eta laborategi ugari ere lan egiteko eremu horretan.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatea harremanetan jarri den bere kide guztiak prest agertu dira osasun agintariekin aritzeko elkarlanean, behar dutenean; hain zuzen ere, PCRn oinarritutako teknika birologiko eta diagnostikoetan aditu diren 60 pertsona lanari ekiteko prest daude, agindua jasotzen dutenean.
Bestelako material sanitarioa
Bere instalazioetan erabilgarri dagoen materialaren inbentarioa egin ondoren, UPV/EHUk honako hauek ere eman dizkio Osasun Sailari: 9.000 maskara, neurri desberdinetako 110.000 eskularru, 1.250 mantal, babeserako 150 betaurreko, 1.000 txano, oinetako 1.600 babes eta bestelako materiala (etanol % 70, etanol absolutua, gainazaletarako xaboia, gel hidroalkoholikoa eta alkoholik gabeko eskuetako esprai desinfektatzailea). Koroabirusaren krisia hasi zenetik, UPV/EHU harremanetan dago osasun agintariekin, eta prest agertu da laguntzeko, bere esku dagoen guztian.
Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde Fernando Tapiak nabarmendu egin du unibertsitate publikoak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta beste osasun agintari batzuekin duen lankidetza programa iraunkor honen garrantzia. «Herritarrek ziurtzat jo dezakete gure gaitasun guztiak gizartearen zerbitzura jarrita daudela, bai azpiegiturei bai langile kualifikatuei dagozkienak, unibertsitate publikoa garen aldetik gure lehentasuna baita gizartearen beharrei erantzutea», adierazi du unibertsitateko arduradunak.